Zinema eta Biktimologia zikloa egingo dute maiatzean Intxaurrondo Kultur Etxean
Zinema eta Biktimologia I. zikloa egingo dute maiatzean Intxaurrondo Kultur Etxean, Biktimologiaren Euskal Elkartearen eta Donostia Kulturaren eskutik. Maiatzean zehar, lau film proiektatuko dituzte, eta hizlariek eta publikoak egungo gaiei buruz hausnartzeko aukera izango dute: emakumeen aurkako indarkeria, justizia errestauratiboa, sexu indarkeria eta biktimizazio judiziala. Ekitaldi guztiak 19:00etan izango dira, gonbidapenarekin.
Maiatzaren 2an, osteguna, 18:30ean, Zinema eta Biktimologia Zikloaren irekiera ekitaldia egingo dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak, Enrique Etxeburua Psikologia Klinikoko katedradun emerituak (EHU), eta Gemma Varona, Biktimologiaren Euskal Erakundeko (EHU) zuzendariak aurkeztu eta irekiko dute zikloa. Jarraian, Bajo terapia (Gerardo Herrero, 2023) filma proiektatuko dute. Hizlaria Izaskun Orbegozo izango da.
Maiatzaren 9an, osteguna, El encuentro (Alan Gilsenan, 2018) filma proiektatuko dute. Hizlaria Gemma Varona izango da. Maiatzaren 16an, osteguna, Nombre de mujer (Marco Tulio Giordana, 2018) filmaren txanda izango da, eta Javier Gomez Zapiain arituko da hizketan. Zikloa amaitzeko, maiatzaren 23an, osteguna, Acusados (Jonathan Kaplan, 1988) filma eskainiko dute. Hizlaria Grego Mendiguren izango da.
Gonbidapenak
Gonbidapenak egunean bertan jaso ahal izango dira Donostiakultura.eus webgunean eta Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, 11:30etik aurrera. Baita Intxaurrondo Kultur Etxeko leihatilan ere, ekitaldia baino ordubete lehenago. Gehienez, lau gonbidapen jaso ahal izango dira pertsonako.