2025eko danborrada berrien izen ematea zabalduko dute datorren astean
Datorren ostegunean, maiatzak 2, irekiko dute 2025eko Danborradako konpainia berrientzako izen ematea. Parte hartu nahi duten helduen taldeek ezin izango dute, ordea, Parte Zaharretik edo Erdigunetik desfilatu, eremu horietan ordu guztiak beteta baitaude.
Donostiako Festak sailak azaldu duenez, gainerako auzoetan irteteko asmoa dutenek, ordutegiak kontsultatu beharko dituzte aurretik. Gaur gaurkoz, ordu tarte libreak daude Gros, Amara, Antigua eta Egia auzoetan, baina zabaldutako oharrean jakinarazi dutenez, inguruko arduradunek aztertu beharko dute konpainia berria ezartzea bideragarria den ala ez.
Bestalde, helduen danborraren araudian jasotzen den moduan, sortu berri den konpainia batek ondoko baldintza hauek bete behar ditu: helbide soziala Donostian izatea, inskribatuta egotea Donostiako udaleko herritarren erakundeen erregistroan, irabazi asmorik ez izatea eta bere estatutuetan jaietako jardueretan parte hartzeko xedea jasota izatea.
Konpainia berriek maiatzaren 31 arte izango dute izen emateko aukera, eta ekaina amaitu aurretik jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren ala ez.
63 gutxienez
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, gutxienez 63 kide izan beharko ditu konpainiak. Horietatik hogei danborrak beharko dute izan, 60 kidek barril eta gelditzen diren hiruen artean banatu beharko dute danbor nagusi, barril nagusi eta banderadunaren postua.