Autokarabanek ezingo dute aparkatu eta zirkulatu Pasealeku Berritik, Saguestik eta Eduardo Txillida pasealekutik
Kostaldeko eremuetan soilik bertakoek aparkatu dezakete iaztik, baina arau horri moldatu egin du Donostiako Udalak, eta, bereziki, autokarabanei eragingo die. Alde batetik, Eduardo Txillida pasealekuak —Haizearen Orraziaren ingurua— Bertakoentzako Aparkaleku Esklusiboa izateari utziko dio, hau da, egoiliarrek ez ezik, gainontzeko herritarrek ere aparkatu ahalko dute bertan
Horren ordez, bost metroko luzeratik gorako ibilgailuek aparkatzeko eta zirkulatzeko araudi berria jarriko dute indarrean astelehenean (hilak 29), eta datozen asteetatik aurrera sistema bera ezarriko dute Saguesen eta Pasealeku Berrian. Arau horrek autokarabanei eragingo die bereziki.
Horrela, seinale batek debekatu egingo du bost metro baino gehiagoko ibilgailuen zirkulazioa inguruan, zamalan ordutegian izan ezik. Bestalde, aparkalekuak zoladuran seinaleztatuta daudenez, ibilgailuak markatutako perimetroaren barruan kokatu beharko dira, hori gainditu gabe. Lehenengo astean, kontrol informatiboa soilik egingo dute, baina epe horretatik aurrera, arau urraketak zigortzen hasiko dira. Salbuespen gisa, Saguesen, bost metrotik gorako ibilgailu baimenduak sartu ahal izango dira, inguruan ekitaldiak egiten diren uneetan.