Donostiako Udalbatzak ez du Añorga Txikiko etxebizitza plana onartuko, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena iraungi delako
Donostiako Udalbatzak ez du onartuko Añorga Txikin etxebizitza berriak eraikitzeko plana momentuz, izan ere, iraungi egin da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Inpaktuen Adierazpena, plana onartzeko ezinbestekoa dena.
Hain zuzen ere, gaurko osoko bilkura Añorgako Geltokia azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia abiaraztekoa zen, baina azkenean ez da horrela izango, gai zerrendatik kendu baitute gaia. Udalaren arabera, akats hau akats administratiboa da, proiektuaren garapenari eragiten ez diona, baina bai proiektua martxan jartzeari. Izan ere, oraindik zehaztu gabeko denbora tarte batez geldirik geratuko da proiektua, hainbat hilabetez. Udalak Ingurumen Inpaktuen Adierazpen berri bat eskatu beharko dio Eusko Jaurlaritzari, eta jaso arte, ezingo da proiektua abiarazi.
Añorgako Geltokia izeneko azpieremu horretan 248 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du udalak. Horietatik, 46 babes sozialekoak izango dira, 46 etxebizitza babestu tasatuak eta 156 libreak. Añorga Txikiko bizilagunak hasieratik egin dute proiektuaren aurka, besteak beste, proiektuak herritarren iritzia aintzat hartzen ez duelako. Hori dela eta, manifestazioa eta giza kate ugari egin dituzte 2021eko irailetik hona.