Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dute sindikatuek
Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezpera da gaur, eta, hori dela eta, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuak Gipuzkoa plazan elkarretaratu dira, aldundiaren egoitzaren aurrean. “Salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan”, nabarmendu dute. Bilbon, Gasteizen eta Iruñean ere mobilizatu dira, eta, Iruñearen kasuan, CGT sindikatuak ere bat egin du.
Donostiaren kasuan, fokua jarri dute “sektore feminizatuek eta zaintza lanetan diharduten langileek bereziki pairatzen dituzten arrisku psikosozialen inguruan, erakunde publikoek lan horiek pribatizatzeko eta prekarizatzeko hartutako erabakiaren ondorioz”.
Era berean, nabarmendu dute munduan “milaka langile” hiltzen direla egunero: “Bai istripuz eta baita laneko gaitzen eraginez ere. Euskal Herria ez da salbuespena, eta gurean urtero errepikatzen dira datu beldurgarriak eta Nafarroa da, adibidez, Espainiako Estatuan istripu tasa altuena duen bigarren herrialdea, Balearren atzetik. Euskal Herrian azken urteetan etengabe errepikatu da patroi bera istripuetan: milaka lan istripu arin zein larri aitortzen dituzte datu ofizialek, goranzko joera batekin gainera. Heriotza kopuruan ere ez dago etenik, eta 70 hildakoen muga gertu dugu urteak joan eta urteak etorri. Istripuen datu ezkutaezin horiek sistemaren beraren iruzurra agerian uzten dute; izan ere, lehen instantzian mutualitateen esku dagoen laneko gaitzen aitortzea guztiz testimoniala da. Adibide gisara, urtero, batez beste, ez da dozena bat laneko minbizi aitortzen. […] Aurten ere datu beldurgarriak gailentzen ari dira: Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 hildako daramatzagu soilik lan istripuetan”.
“LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT Nafarroa sindikatuok osatzen dugun frontetik borrokan jarraituko dugu lan osasuna berma dadin, behingoz patronalak dagokiona bete dezan eta etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea dugulako”, gaineratu dute.