1.697 lanpostu sortzea bultzatu zuen Donostia Sustapenak 2023an
Donostia Sustapena udal erakundearen 2023ko balantzea egin dute ostiral goizean udaletxean Ane Oiarbide Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendariak, eta, nabarmendu dutenez, 1.697 lanpostu sortzea bultzatu zuen erakunde horrek 2023an. “Donostiako Sustapenak, 2.639 zerbitzu eman zituen iaz (2022an baino %34,8 gehiago), 2.564 pertsona artatu zituen (2022an baino %60,4 gehiago), 1.352 enpresari lagundu zien (+%4,6) eta 295 proiektu ekintzaile babestu zituen”, gaineratu dute.
Azaldu dutenez, 2023an zehar, ia bi milioi euro inbertitu ziren kontratazioa eta enplegua sustatzeko programetan, hainbat erakunderekin lankidetzan, 2.564 pertsonari laguntzeko eta 1.697 lanpostu berri sortzea babesteko, horien %56 35 urtetik beherakoentzat izanik.
Bestalde, adierazi dute 2023an 295 proiektu ekintzaile berriri eskaini zietela laguntza, eta egitasmo horien %44 berritzaileak zirela. “%49k 4.0 industriarekin izan zuten zerikusia, %26, biozientzien arloko proiektuak ziren; eta %25, energia eta material berriekin lotutako proiektuak. Guztira 750 pertsonak hartu zuten parte ekintzailetzari lotutako programa eta zerbitzuetan: %52 emakumeak ziren; %46, 35 urtetik beherakoak; eta % 28, etorkinak”, gehitu dute.