Aita Donostia biribilgune berriko lanak mendebaldera eramango ditu ETSk
Euskal Trenbide Sareak (ETS) aurrera jarraitzen du Anoetako topo geltokia berritzeko lanekin. Besteak beste, bigarren sarrera bat eraikitzea, nasak luzatzea eta Aita Donostia plaza berrantolatzea aurreikusten dute.
Zirkulazioari eragiten dioten lur gaineko lanen azken faseetako bati ekingo diote, eta, ondorioz, Aita Donostia biribilgune berria bukatuko dute. Hori amaitzean, gainerako lanek aurrera egin ahal izango dituzte. Horrela, hilaren 29tik aurrera, ETSk biribilgune berriaren obra mendebaldera eramango du, eta horrek aldaketa ugari ekarriko ditu.
Oinezkoen mugimendu guztiak bermatuta egongo dira, baina bizikleten mugimenduak mugatuta egongo dira. Madril hiribidean eta Irun plazako, Toribio Alzagako eta Podabineseko biribilguneetan mozketak abisatzeko seinaleak jarriko dira —txirrindulariek bizikletatik jaitsi beharko dira eta oinez joan beharko dute—. Bestalde, 21-Mutualitateak-Anoeta eta 43-Anoeta-Igara autobus lineatan hainbat aldaketa egingo dituzte.
Zorroaga gaineko afekzioak bukatu dira, eta ibilgailuak Begiristain Doktoretik igo eta jaitsi ahal izango dira. Gainera, Begiristain Doktoretik jaisten diren ibilgailu partikularrek Zorroaga pasealekurantz (Loiolako Erriberarako norabidean) edo Zorroaga Gainarantz jo beharko dute. Madril hiribidera joateko, Zorroaga pasealekutik Toribio Alzagako biribilgunera joan beharko dute eta, bertan, noranzkoa aldatu.
Taxiak, autobusak eta larrialdietarako ibilgailuak Begiristain Doktoretik Aita Donostiara sartu ahal izango dira. Anoetako sarrera eta irteera Errondo pasealekutik egingo da (Josean Gasca / Atano kiroldegia). Ezingo da Anoeta Pasealekura sartu edota irten Begiristain Doktoretik (Anoeta hotela / Xanti jatetxea).
Ezingo da ezkerrera egin Errondo pasealekutik Madril hiribiderantz, eta Loiolarako norabidean zuzen joan beharko da nahitaez, edo eskuinera jo Begiristainetik Doktoretik. Ibilgailu partikularrak Madril hiribidean sartu ahal izango dira, Zorroaga pasealekuan Toribio Alzaga biribilgunean noranzkoa aldatuz.
Lanek aurrera egin ahala, Madril hiribideko erdibitzailea moztuko da, eta, beraz, ezingo da Errondo pasealekura sartu ez Begiristain Doktoretik, ez Zorroaga pasealekutik.
Biribilgunea eraiki eta guneak berreskuratu ondoren, Aita Donostia plaza berria garatuko da, eta bide berrantolaketa erabat gauzatuko da. Lan hauek guztiak urte amaieran egitea aurreikusten da.
Ibilbide alternatiboak
Obrek jarraitzen duten bitartean, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, eta, ibilgailu pribatua erabiltzea ezinbestekoa bada, Miramon – Ospitaleetara eta Anoetan egiten diren kirol-ekitaldietara iristeko dauden ibilbide alternatiboetatik igarotzea, Amara Berri auzoa saihestuz.