Albisu, Iparragirre, Arizkuren eta Gracia auzipetu ditu Auzitegi Nazionalak, Miguel Angel Blancoren hilketaren harira
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia Castellon epaileak Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu donostiarrak —Iparragirre Eskoriatzan jaioa da, baina Donostian errotua— eta Josetxo Arizkuren eta Iñaki Gracia nafarrak auzipetu ditu, ustez Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren hilketan izandako arduragatik. Albisu eta Gracia kalean daude egun, eta Iparragirre eta Arizkuren, aldiz, preso daude, Zaballan eta Iruñean, hurrenez hurren; Arizkuren, gainera, gaixotasun larria dutenen zerrendan dago. Blancoren hilketa gertatu zenean ETAren zuzendaritzako kide izatea eta hilketa ez galarazi izana leporatzen die auzitegiak lau auzipetuei.
Epaileak “bahiketa eta hilketa terroristagatik” auzipetu ditu laurak, eta argudiatu du ETAren barruan zuten postuarengatik hilketa eragotzi zezaketen arren, ez zutela egin; hori dela eta, epailearen ustez, “emaitza lortzeko borondate argia” agerian gelditzen da. Garcia Castellon 2022an hasi zen Blancoren kasuaren sumarioa berriz irekitzen, eta, hasieran, bederatzi pertsona ikertu nahi izan zituen, tartean Arnaldo Otegi, baina Auzitegi Nazionalak baztertu egin zuen ikerketa hori.