Askatasunaren isla
Kristalezko zapaia edo kristalezko belaunaldia. Gazteok beti kristalaren beste aldetik edo kristala bera izanda ikusten dugu askatasuna, nahiz eta askotan pentsatu gu geu garela zeruan hegan dagoen txoria, prekarietatetik ihesean.
Laura Carnerosek, Proletaria consentida liburuan, gazteok funtzionariotzapean bilatzen dugun irtenbidea aipatzen du. Irtenbidea ihesbide modura ulertuta, hori bai. Baldintza duinen ametsa, hilabetero puntual jasotako nominekin eta opor egun ugariekin. Ezegonkortasuna kontrajarriz, lasaitasunaren eta bizitza erlaxatuaren fantasia gauzatzen.
Aberaskume gutxi ikusten dira, hala ere, oposizioak prestatzen. Carnerosek dioen moduan, ez al dugu gazte prekarizatuek estatuarekin Stockholmgo sindromea pairatuko? Amets neoliberalarekin? Kristalarekin?
Ez al gara askatasunaren bila baino, haren islaren bila arituko?