Auzoek indarrak batu dituzte, Dbusen zerbitzuak lehengoratzeko
Azken hilabeteotan Dbusen zerbitzuetan egin dituzten murrizketen aurrean, hiriko hainbat auzo elkarte elkartu egin dira, eta zerbitzuak lehengoratzeko eta hobetzeko eskatzen ari dira.
Asko izan dira Dbus Donostiako autobus konpainiak urritik hona bere zerbitzuetan egindako aldaketak. Besteak beste, 13, 17 eta 26 lineen maiztasunak txikitu dituzte —denbora gehiagoan behin pasatzen dira orain, alegia— eta 5, 8, 9, 14, 33 eta 42 lineen ibilbideak aldatu dituzte. Aldaketak aplikatzean, Dbusek berak azaldu zuen hiriko zirkulazioan azken hilabeteotan egindako aldaketek autobus zerbitzuen puntualitatea kaltetzea eragin zutela, eta inbertsio ekonomiko handiagorik egin gabe puntualitatea bermatzeko egingo zituztela aldaketak.
Maiztasunak txikitzeak eta ibilbideak aldatzeak, ordea, eragin zuzena izan du herritarrengan, bai euren ohiturengan eta baita euren beharrengan ere. Horrela, hasieratik, kexatzen hasi ziren hainbat auzotan, eta baita sinadurak biltzen ere.
Hori da, hain zuzen ere, Egiakoen kasua. 9 eta 42 dira auzoa eta hiriaren erdigunea lotzen dituzten bi lineak, eta Bulebarrean gelditu ordez, Okendo kalean gelditzen dira urritik: «Horregatik, auzoko jende asko haserretzen hasi zen, askok Bretxara, Parte Zaharrera edo zona horretara autobusean joateko ohitura baitute, eta baita Bulebarrera autobusean jaitsi eta han bertan beste auzoren batera doan beste autobusen bat hartzekoa ere. Hori dela eta, sinadurak biltzen hasi ginen», azaldu du Egia Bizirik auzo elkarteko Lola Calvok.
«Udalak dio garraio publikoa defizitarioa dela. Garraio publikoa zerbitzu publiko bat da, ez da aberasteko zerbait»
Lola Calvo, Egia Bizirik auzo elkarteko kidea
Bi linea horien ibilbideak lehengoratu zitzatela eskatzeko, 2.000 sinaduratik gora bildu zituzten auzoan, eta udalari helarazi zizkioten abenduan, bai udal gobernuari eta baita alderdi politiko guztiei ere. Horren harira, EH Bilduk Olatz Yarza Mugikortasuneko zinegotzia interpelatu zuen mozio batean, eta gaia udalbatzarrera heldu zen ondoren. Ez zen onartu zerbitzuak lehengoratzeko eskaera, baina udal gobernuak Egia Bizirik elkartearekin biltzeko konpromisoa hartu zuen: «Bileran, esan ziguten autobusak Bulebarrera itzultzekotan, maiztasuna txikitzearen truk izango zela, eta ez dugu hori nahi, noski. Beste eskaera batzuk ere eraman genituen, baina ez zuten bakar bat ere onartu», azaldu du Calvok. «Erantzuna beti da ez dagoela aurrekonturik. Udalak dio garraio publikoa defizitarioa dela. Baina hori horrela da, beti izan da horrela. Garraio publikoa zerbitzu publiko bat da, ez da aberasteko zerbait», gaineratu du Egiakoak.
Beste auzo elkarteekin batera
«Udalaren jarrera eta beste auzo askotan ere antzeko arazoak zituztela ikusita, bilera batera deitu genituen gainontzeko auzo elkarteak», azaldu du Calvok. Hain zuzen ere, joan den astean egin zuten bilera hori, eta zortzi auzo elkarte bildu ziren: Bidebietako Bideak, Antiguako bizilagunak, Txomiñeneko Lanberri, Erdialdeko Urumea elkartea, Martuteneko Sarroeta, Egia Bizirik, Martutene Bizirik eta Igeldoko bizilagunak. Era berean, Dbuseko LAB sindikatuko ordezkari bat bilerara joan zen.
Bilera deialdia «arrakastatsua» izan zela nabarmendu du Egia Bizirik elkarteko kideak, baita bilerara joan ez ziren auzo elkarte batzuen atxikimendua dagoeneko jaso dutela, eta elkarte zein Dbuseko sindikatu gehiagoren babesa jasotzea aurreikusten dutela ere. Halaber, bileran parte hartu zutenek mahai gaineratutako zenbait arazo gogoratu ditu: «Antiguan, esaterako, autobusak dagoeneko ez dira pasatzen Matia kaletik, eta sinadurak biltzen aritu dira han ere. Martutene-Txomiñenea-Loiola zonan eta Altzan, bestalde, maiztasunak txikitu dizkiete».
Horrela, bilera horretan adostutako adierazpena hedabideei helarazi zieten, baita udalari ere, bereziki, Yarzari eta Auzoetako zinegotzi Mariaje Idoetari. Adierazpenean eskatzen dutena argia da: «Elkarteek erabaki dugu Donostiako Udal Gobernuari eskatzea murriztutako zerbitzuak berehala berreskuratzeko eta hobetzeko. Mugikortasuneko eta Auzoetako zinegotziek donostiarren beharrei erantzuteari uko egin diotenez, bat egitea eta dinamika bateratu bati ekitea erabaki dugu. Izan ere, murrizketak ezarri aurretik, zerbitzua defizitarioa zen auzo askotan. Orain, hainbat autobus lineatan egindako murrizketek egoera okertu dute, eta herritarren artean arazo sozial bat sortu da. Irtenbidea zerbitzua lehengoratzea eta hobetzea da, eta, horretarako, funtsezkoa da aurrekontua berrikustea».
«Presio pixka bat egiteko dugun modu bakarra da, zeren, udalak postura bat hartzen du eta ez du negoziatu nahi»
Lola Calvo, Egia Bizirik auzo elkarteko kidea
Astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak esan zuen auzo elkarteen adierazpena esku artean izan bezain laster irakurriko zuela, eta nabarmendu zuen gaiaren inguruan lan egiten dabiltzala: «Badakit Mugikortasun Sailetik elkarte horietako askorekin harremanak etengabekoak direla, kasu bakoitzean irtenbide onenak bilatzeko, eta hori izango da etorkizunean izango dugun jarrera, baita ere».
Auzo elkarteek argi dute hurrengo pausoa, Calvok dioenez: «Prentsaurreko bat emango dugu, eta, horren ondoren, espero dugu udala gurekin biltzea. Zeren, ez gara geldirik egongo eta mobilizazioak egiten hasiko gara. Adibidez, mobilizazio bat izan daiteke autobus bat hartzea; elkarteetako hainbat kidek autobus bat betetzea eta autobusean muntatuta, hiritik bueltak ematen egotea. Udalari presio pixka bat egiteko dugun modu bakarra da, zeren, udalak postura bat hartzen du eta ez du herritarrokin negoziatu nahi. Eta elkarteok, elkarrekin joanda, indar gehiago dugu».