Hipika kalea, oztopoz inguratutako bizileku bat
Loiolak eta Txomiñeneak itxura aldaketa nabarmena izan dute azken urteotan, baina zaharberritze lan guztietatik at gelditu da erdibideko Hipika kalea. Inguruko jabetza pribatuak ezarritako oztopoen baldintzapean bizi dira kaleko 170 familia, eta igogailu bat behar dute.
Herdoildutako barandak, biluztutako paretak eta zikinkeriaz beteriko estolda zuloak dira Hipika kaleko bizilagunen egunerokoa. «Jada ez dut oroitzen udaletik zerbait egitera etorri ziren azkeneko aldia», adierazi du Luis Pinilla bizilagunak. Horren adierazle da eraikinaren atzealdean duten hormigoizko paretetako bat: «Udalak lorategia egin digu», aipatu du bizilagunak, utzikeriak eta sastrakek bereganatu duten eremua seinalatu bitartean. Gizonaren aurpegi, zurbilak, ordea, argi adierazi du Hipika kaleko bizilagunek ez dutela txantxetarako tartetik.
Pinillarekin batera, eraikinen atarian bildu dira kaleko 25 lagun. Guztiak haserre, guztiak etsita, urteetako utzikeria salatu eta hondatze zerrenda mahai gaineratzeko asmotan. Hipika kalean hogei urte daramatzate bizilagunentzako hobekuntzak eskatzen, eta irtenbiderik ezean, azken egunotan pankarta eta kartelekin bete dituzte etxebizitzen aurrealdeak.
Urteetako utzikeriak segurtasun faltari bide eman dio, eta egun, inguruak dituen arriskuak bilakatu dira bizilagunen kezka nagusi. Etxeko sartu-irtenekin dute arazoa, batik bat, atarietara ailegatzeko bi aukerek «oztopo eta arrisku»ugari dituzte eta. Gauzak horrela, premiazkotzat dute lehenbailehen igogailu bat ezartzea.
Jabetza pribatuak inguratuta
Terraza handi baten gainean daude kokatuta Hipika kalea osatzen duten bost atalondoak, eta horietara iristeko errepidea edo eskailerak igo behar dituzte.
Loiolatik eta Txomiñenetik Zorroagara doan errepideak, baina, arrisku ugari ditu. «Hori ez da ganorazko pasabide bat. Lurreko marra laranja batek banatzen ditu autoak eta oinezkoak, eta bizilagunei metro eskaseko tartea utzi digute», azaldu du Pinillak. Urteetako kexen ostean, udalak jarri zuen marra irtenbide gisa, «baina, noski, errazena ez da inoiz eraginkorrena izaten», gaineratu du bizilagunak.
Errepideak, halaber, bi noranzko ditu, baina ez du bi autorentzako tarterik. Hala, kontrako norabidean doazen bi ibilgailuk bat egiten duten bakoitzean, oinezkoentzako pasabidea gainditzen dute. «Susto ugari izaten ditugu, autoak oso gertu igarotzeaz gain, kamioi ugari ere pasatzen direlako. Horrela ezinezkoa da adinekoekin edo haurrekin lasai igarotzea», adierazi du Ion Izagak, hamargarren portaleko presidente eta bizilagun taldearen bozeramaileak. Aldapa arriskutsua hartu nahi ez duenak, badu alternatiba: 24 eskailera dituzte bizilagunek kalearen albo batean. Aurreko aukeraren moduan, baina, bide hori ez da baliagarria haur kotxearekin edo erosketen orgarekin dabiltzanentzat, ezta Marisa Herreroren antzera, mugikortasun murriztua dutenentzat ere.
86 urteko emakumeak ezinezko du bere kabuz etxeko ataria gainditzea: «Duela asko ez dudala kalea zapaltzen, eta ni bezala, adineko asko dira hemen». Hitz egin bitartean mugitu du alboan duen makulua, igogailuaren kokaleku posible guztiak zehazteko: «Eskailerak mugitu ditzakete, edo terrazaren albo batean egin, espaloirako bide zuzena izan dezagun. Beste eraikin askorentzako egundoko inbertsioak egiten dituzte eta gurekin, berriz, entzungorrarena», dio parez pare Loiolako kuartelak dituela.
Gainerako bizilagunen antzera, Herrerok ere ondo baino hobeto daki espazio falta baino, espazio horren jabetza dela bizilagunen amesgaizto guztien erantzulea. Hipika kaleko eraikin multzoa Patxillardegi baserriaren aldamenean dago, eta baserriaren jabetzarenak dira eraikinaren terraza, kalea bera eta baita inguruko bideak ere.
Hala berretsi zuen Eneko Goia alkateak, astearteko Tokiko Gobernu Batzarra amaituta, IRUTXULOKO HITZAk aferaren inguruan galdetu zionean: «Kexa horien berri aspalditik daukagu. Jabetza arazo bat dago hor, ez delako gune publikoa. Beraz, udalarena ez den eremu batean sartzea ez da posible udalarentzat une honetan».
Jabetzaren oztopo handi horrek ezinezko egiten du bizilagunentzat lagungarri izan daitezkeen azpiegiturak jarri edo egungoak zaharberritzea. Udalaren arabera, arazoak «ez du konponbide erraza», batik bat, urteak daramatzatelako jabeekin katramila judizialetan harrapatuta.
Bizilagunei, berriz, ulertezina iruditzen zaie udalaren proposamen eta irtenbide falta: «Beste hainbat eremurekin egiten duten moduan, desjabetu dezakete pasabide hau, bide zor izendatu eta igogailu bat jarri», dio hamalaugarren atariko presidente Sonia Sagarnak.
Gutxi batzuen mende
Bildutako bizilagunen aburuz, irtenbideak baino, adabakiak jartzen ari da udala, eta bien bitartean, jabetza pribatuaren utzikeriak are gehiago mugatzen du bizilagunen egunerokoa.
Patxillardegi baserriaren atzealdeko bidea erabili izan dute bizilagunek Loiolara joateko. Egun, baina, ezin dute erabili, XVI.mendeko baserritik erori ziren teilen ostean, arriskuak ekiditeko neurri gisa, itxi baitzuten: «Baserria baldintza duinetan mantentzeko ez eskatzearren, bizilagun guztioi itxi ziguten Loiolarekin genuen bide zuzena», salatu du Pinillak.
Era berean, arazo handiak dituzte TAOarekin ere. Loiolan aparkaleku zerbitzua indarrean sartu zenetik, auzoko beste eremuetako biztanleek Hipika kalean uzten dituzte euren autoak: «Hemen erdiak baino gutxiagok du aparkaleku pribatua, eta egoiliarrentzako espazioa behar dugu, bestela ezinezkoa da». Eremuan, baina, ezin dute halakorik egin, beste behin, jabetza pribatuak galarazten baitu.
Urteetako arreta faltak erreta ditu bizilagunak, eta eskaera zerrenda luzea duten arren, gaur gaurkoz, ordea, igogailua da guztien lehentasun nagusia.
Bakarren batek uste du kuarteletako lanekin iritsi daitekeela luzaroan desiratutako azpiegitura. Nolanahi ere, argi dute hogei urteko itxaronaldiarekin pazientzia nahikoa izan dutela, etorkizunean ere, inguruko lan handien apurren eske ibili behar izateko: «Nik ez, baina nire bilobek ikusiko al dute inoiz igogailua?»