Hiriko lorategietatik moztutako loreak banatuko dituzte hurrengo astean
Aurten ere, hiriko lorategietako loreak eta landareak herritarren artean banatuko ditu Donostiako Udalak, azken urteotan egin duen moduan. Azken hilabeteotan hiriko hainbat lorategitan egon diren lore eta landareak mozteko garaia heldu da, eta konpostatzeko biltegira eraman ordez, “bigarren bizitza bat emateko”, herritarrei doan emango dizkiete.
Hurrengo astean egingo dituzte banaketak, hiru egunetan, 10:00etan: hilaren 30ean, asteartean, Ramon Labaien plazan egingo dute banaketa; maiatzaren 2an, ostegunean, Ondarretako pasealekuan eta 3an, ostiralean, Pio XII.aren plazan. Loreak eta landareak zuntz begetalez egindako ontzi biodegradagarri batean eta %100 birziklagarria den poltsa batean entregatuko dituzte.
Bestalde, udalak jakinarazi du Frantzia pasealekuko nartzisoak mozteko garaia ere heldu dela, eta, hain zuzen ere, datorren astean moztuko dituztela.
Datorren astean ere, Frantzia Pasealekuko nartzisoak moztuko dira. “Ibiltari askok pasealekuko parterreen egoeraz galdetu dute, landareak etzanda eta lorerik gabe baitzeuden duela aste batzuetatik. Prozesu naturala da, parke eta lorategien zerbitzuak kontrolatzen du, eta guztiz beharrezkoa da datorren urtean nartzisoen loraldia bermatzeko. Behin lorea desagertzen denean, landare osoak bere mantenugai guztiak erraboilari ematen dizkio, eta, horrela, denboraldi berrian loratzea ziurtatzen du”, azaldu du Carlos Garcia Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak. Sega amaitzen denean, belarrez eta lore txiki zuriz eta horiz berrereiteko aprobetxatuko da, belardi loratu gisa.