Udaleko garbitzaileek grebara deitu dute maiatzaren 13tik 19ra
Elkarretaratzea egin dute 10:30ean, Udaletxearen atzealdean, baldintza duinak eskatzeko.
Negoziazio mahaiaren blokeoaren aurrean, eta eros ahalmena bermatzeko borondate faltaren aurrean, Donostiako Udaleko Gizatzen azpikontratatutako garbitzaileak mobilizatzera deitu dituzte ELA, CCOO eta ESK sindikatuek. Maiatzaren 13tik 19ra bitarte egingo dute greba, oso bestelako baldintzak dituzten bi hitzarmenen soldatak berdinak izan daitezen eskatzeko.
ELA sindikatuko Susana Gonzalezek adierazi duenez, udaleko langileak “oso egoera desberdinean daude, egun bi kontratu aplikatzen direlako gune berdinetan lan berdina egiteko”. 2022an Gizatzen enpresak eskuratu zuen pleguaren esleipena, eta kontratua hartu bezain laster soldata bikoitza sustatu zuen. Hala, aurretik azpikontratatuta zituen langileei enpresa mailako hitzarmena aplikatu zieten; 2022ko otsailetik aurrera kontratatutakoei, berriz, Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletarako Hitzarmena: “4.000 euro gutxiagoko soldata kobratzen dute leku berdinean, lan berdina egiteko”, azaldu du ordezkariak.
Gonzalezen arabera, negoziazio mahaia lau aldiz bildu den arren, enpresak ez dit langileen aldarrikapenak kontuan hartzen: “Jasotzen dugun erantzuna da ekonomikoki ezin dutela soldata horien kostua bere gain hartu, baina postu horiek murriztu eta langile prekarizatu berriak kontratatu aurretik asumitzen zuten”.
Egoera horren aurrean, eta “administrazioarentzat lan egiten duten langileak izanik”, azalpenak eskatu dizkiote enpresari eta Donostiako Udalari: “Datorren asteartean beste bilera bat daukagu, eta proposamenik ezean, aurrera jarraitu beharko dugu”. Aurrera begira, hain zuzen, greba egunak izango dituzte deituta.
Gizatzen enpresako garbitzaileak
180 pertsona inguruk egiten dute lan Gizatzen enpresarentzat Donostiako Udalaren eraikinak garbitzen. Hamar langileetatik bederatzi emakumeak dira, eta heren batek lan kontratu partzialak ditu. Langile horiek Donostiako eskola publikoak, kultur etxeak, antzokiak eta beste hainbat udal instalazioetan egiten dute lan.