Euskararen eta euskaldunen aurkako eraso judizialak salatu dituzte epaitegien aurrean
Harrotze Astearen barruan, Euskal Herrian Euskaraz plataformako hainbat kidek agerraldia egin zuten ostiral arratsaldean Donostian, Justizia Jauregiaren kanpoaldean, euskararen aurkako eraso judizialak salatzeko. “Hamarnaka herritar bildu gara euskararen nahiz euskaldunon aurkako erasoak salatu eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko xedearekin. Antzerki baten bitartez, non epaiketa bat irudikatu dugun, euskaldunon zapalkuntzaren arduradunak eta konplizeak seinalatu nahi izan ditugu. Izan ere, horiek euskararen eta euskaldunon aurkako zapalkuntza iraunarazi nahi dute, euskaldunon eskubideak gero eta gehiago zokoratuz”, azaldu dute.
CCOO eta UGT sindikatuak eta PSOE, PP eta Vox alderdi politikoak jarri zituzten jomugan: “Beste hainbaten artean, eurak dira euskararen aurkako helegiteak jartzen edo diskurtso euskarafoboak zabaltzen ari direnak. Horrez gain, epaileak ere seinalatu nahi izan ditugu; horietako batzuk, modu sistematikoan, euskararen aurkako epaiak ematen ari baitira bata bestearen atzetik. Azkenik, nola ez, Espainiako eta Frantziako Estatu linguizidak eta supremazistak”. Ildo horretatik, “Euskararen Errepublika” eraikitzea “ezinbestekoa” dela nabarmendu zuten.
“Oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoa indartsu ari da euskaldunon aurka eta joan den azaroaren 4an, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Bilboko manifestazioan, argi geratu zen herritarrak kezkatuta eta haserre daudela egoera horren aurrean. Egonezin hori aktibatu behar dugu, erasotzaileei aurre egiteko eta euskaldunok kolektiboki harrotzeko. Izan ere, bakarrik ez, baina euskaldunok, elkartuta, gauza asko egin ditzakegu. Eraso horien aurrean ez gara kikilduko eta ez gaituzte isilduko. Horregatik, euskaraz bizitzeko, erasotzaileei aurre egin”, gaineratu zuten.
Horrez gain, hiriko kaleetara ere eraman zuten Harrotze Astea, hurrengo txioan ikus daitekeen moduan:
Donostian hasi dugu Harrotze Astea!#EuskarazTaHarro
— EHE Donostia (@EHEDonostia) April 22, 2024
Borrokatu euskaraz!
Azterketak euskaraz!
Zerbitzu publikoak euskaraz!
Euskal Herrian Euskaraz! @peuskarari@BAGERAelkartea @irutxulo @berria @donosti_tik@gipuzkoakohitza
Kursaala aldarriz jantzi dugu 🔥 pic.twitter.com/d2QtvkBrHh