Eskubaloiko Kopak zaletuentzako eremua izango du Illunben
Eskubaloiko Espainiako Kopak zaletuentzako eremua izango du Illunben, maiatzaren 10etik 12ra bitarte. Musikaz gozatzeko eremua izateaz gain, inklusioa ikusaraztea ere izango du helburu eta, bide horretan, askotariko jarduerak prestatuko dituzte.
Antolatzaileek gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu dutenez, Espainiako estatuko zaleen topagunea izango da Illunbeko 10 ateko gune berezia, eta aparteko giroa sor dadin, hainbat artistek girotuko dute ingurua. Besteak beste, Yaiza Arrizabalaga eta Lorea Intxausti euskal artistak, Kai Nakai abeslaria eta Aitana Grande DJa izango dira zaletuekin.
Musikaz gain, inklusioa izango da jaialdiaren beste ardatzetako bat. Hala, saldutako abonu bakoitzeko euro bat bideratuko da Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartearengana, eta autismoa duten pertsonek ere aukera izango dute Erreginaren Koparen baitan antolatutako jardueretan parte hartzeko: hala nola, txirrindularitza egokitua, gurpil aulkiko eskubaloia edo zirkuitu sentsorial bat.
Era berean, 360 fotomatoiak, haurrentzako jolas egokituak eta berdintasunaren aldeko ginkana bat ere egongo dira.”Aniztasun funtzionala kontuan hartuta, Erreginaren Kopa inklusibo baten aldeko apustua egiten dugu”, adierazi du Mugikortasun, Turismo eta lurralde antolamendu diputatu Goizane Alvarezek, eta kolektibo horrek ekitaldi horretaz “ahalik eta modurik onenean gozatzeko” lan egin dela adierazi du.
Tati Garmendia Bera Bera Eskubaloiko arduradunak, bestalde, azaldu du 2022an “ahalegin handia” egin zutela emakumezkoen Erreginaren Kopako ekitaldi batek leku “egokia” izan zezan. Hala, aurrekoa gainditu nahi izan dute:”2024an, beste urrats bat eman nahi izan dugu. Pabiloiaren barruko esperientzia eredugarria izatea nahi dugu; baina, kanpoko esperientzia hobetu nahi izan dugu “, azaldu du.