Gaur zabalduko dute Txirrita mendi lasterketarako izen-ematea
Gaur irekiko da II. Txirrita mendi lasterketan izen emateko epea, eta esteka honetan egin ahalko dira, 20:00etatik aurrera. Lasterketa abuztuaren 4an izango da Altzan, eta probak iazko ibilbide bera izango du: zazpiehun metrotako desnibel positiboa hamazazpi kilometro eskasean. Altzako San Martzial plazan izango du hasiera eta helmuga, eta tarte horretan, Altzakoez gain, Errenteriako eta Astigarragako lurrak ere zeharkatuko ditu lasterketak.
Aurten, banakako lasterketarekin batera, errelebo lasterketa ere egongo da. Lehenak hogei euroko kostua izango du, eta bigarrenak 30 eurorena (prezio hori bikoteari dagokio; hau da, hamabosna euro partaide bakoitzeko).
Informazio guztia lasterketaren webgunean dago ikusgai.
Dortsal bat jokoan
Txirrita mendi lasterketarako dortsal bat zozketatzen ari gara IRUTXULOKO HITZAn. Eskuratu nahi izanez gero, esteka honen bidez eman dezakezue izena.