Hominidoak izango ditu ardatz Jot Down Zientzia ekitaldiak
Jot Down Zientzia ekitaldiaren hamaikagarren edizioa antolatu dute Donostian, maiatzaren 3an eta 4an, Jot Down aldizkariak eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroak antolatuta. Aurtengo ekitaldiaren ardatza hominidoak dira; hain zuzen, gaurko gizakiak (Homo sapiens) eta haien arbaso zuzenak —bai eta desagertutako beste ahaide hurbil batzuk ere— barne hartzen dituen primate familia.
Topaketa irekia izango da, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Plazan. Paleoantropologiaren, arkeologiaren eta giza eboluzioaren arloko lehen mailako ikertzaileak bilduko ditu egitarauak. Bertan, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, mahai-inguruak eta haurrentzako eta familientzako tailer bat izango dira.
Hominidoei buruzko jardunaldietan, era askotako gaiak jorratuko dira. Hitzaldietan, gai hauek jorratuko dituzte zenbait ikertzaile espezialistek eta dibulgatzailek: burmuinaren bilakaera eta hominidoen ikusmena; nekazaritzak ekarri zuen paradigma aldaketa; kristalekiko lilura; eta gure historia zeharkatzen duten zaintzaren eta indarkeriaren arteko tentsio sozialak. Ostiralean, halaber, arteari eta zientziari buruzko mahai ingurua eta Jot Down Zientzia 2024 lehiaketaren sari ematea izango dira.
Hemen ikus daiteke egitaraua osorik.