Igor Calongek eta Oihana Vesgak jaso dute Gipuzkoako XXI. Dantza Saria
Atzo, Dantzaren Nazioarteko Egunaren bezperan, jaso zuten Oihana Vesga eta Igor Calonge donostiarrek Gipuzkoako XXI. Dantza Saria. Viktoria Eugenia antzokian, gala eta emanaldia egin zuten, egunari dagokion aitortza emateko, eta ohi moduan, ibilbide nabarmena izan duten gipuzkoarrak saritu zituzten. Calongek, ibilbide artistikoari aitortza saria jaso zuen; Vesgak, berriz, dedikazioarena.
Biek ala biek aitortu dute euren urteetako lanaren aitortza sari moduan jasotzea polita izan dela. Nolanahi ere, “sariak berak baino, sariaren oihartzunak” lagunduko dituelakoan daude. Hala, saria jasota eta sektoreari euren esker ona adierazita, dantzan jarraituko dute: Calonge Née dantza ikuskizunarekin dabil, bakarka, han eta hemen aurkezten, eta urrian, Pequeños Actos ikuskizuna eramango du Panamara; Vesga berriz, sormenean dabil murgilduta, baina Mari Zaunka kolektiboarekin sortutako Erreka ondoan bi gezur ikuskizunean ere aritzen da, han eta hemen.