Zaharberritutako 'Tasio' filma proiektatuko dute Zinemaldian
Euskadiko Filmategiak Montxo Armendariz zuzendari nafarraren Tasio film luzea zaharberritu du Boloniako L ‘immagine Ritrovata laborategietan. 2024ko urritik azarora bitarte egin zituzten zaharberritze lanak Filmategiko langileen begiradapean, eta prozesua amaituta, Donostiako 72. Zinemaldiko Klasikoak sailean inauguratuko dute.
Euskadiko Flimotekako arduradunek gaur goizeko prentsaurrekoan azaldu dute zintaren zaharberritze prozesua: “Bolonian eskuz berrikusi eta konpondu zuten, eta ultrasoinuekin garbitu zuten; eskaneatu ondoren, digitalki zaharberritu zuten, irudia egonkortu zuten, marrak eta zikinkeria kendu zituzten”, azaldu du Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak. Azkenik, kolorea zuzentzeko eta soinua zaharberritzeko faseari ekin zitzaion, eta lan horiek Armendarizek berak ikuskatu zituen Bolonian.
Zaharberritze prozesua amaituta, filma zinema klasikoaren arloko erreferentziazko sailetan eta jaialdiaetan proiektatzeko helburua du Filmategiak. Besteak beste, film klasikoak berreskuratzen dituen Cannes Classics sailerako hautatu dute, eta irailean Donostiako Zinemaldiako Klasikoak sailean ikusi ahal izango da. Era berean, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako estatuko aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.
‘Tasio’
Tasio ‘filmak Lokiz mendilerroko herri txiki batean bizi den Tasioren bizitza kontatzen du. Zortzi urterekin mendian lanean hasten da eta 14 urterekin ikazkina da, bere aita bezala. Bere inguruko bizilagun asko hirira lan bila doazen arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Filma Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta ezkutuko ehiztariaren bizitzan oinarrituta dago. Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen, Valderrota mendian.
Zuzendariak adierazi duenez, “ezkutuko askatasunari buruzko filma da”, arauen eta konbentzioen aurka ezkutatutako askatasun horri buruzkoa: “Tasioz gehien interesatzen zitzaidana gizartearen aurrean nuen duintasunaren, harrotasunaren eta ohorearen kontzeptua zen, nahiz eta jarrera horrek aurrerabidearen aurka dagoen pertsonaia atzerakoi gisa agerraraz zezakeen”, adierazi du, eta gaineratu du berarentzat egun, jatorrizko irakurketa mantentzen duela.