Gaurko egunez, 1948an, Martuteneko kartzelak bere lehenengo presoak hartu zituen
Gaurko egunez duela 76 urte, 1948an, Martuteneko espetxeak bere lehenengo presoak hartu zituen, espetxea guztiz bukatu gabe bazegoen ere. Argia-k eman du efemeridearen berri, bere webguneko Efemerideen Kanalean.
Ondarretako espetxearen lekukoa hartu zuen Martutenekoak, eta kartzela berrira sartzen lehenak 49 emakume izan ziren. Behin Ondarretako presondegia hustuta, eraikina abandonaturik egon zen, Donostiako Udalak bere hondakinen kudeaketa enkantean atera zuen arte. Martuteneko espetxeko lehen harria jartzeko ekitaldia 1944an egin zuten, agintari frankista askorekin. Kutxateka.eus atarian garaiko hainbat argazki ikus daitezke.
76 urteren ondoren, Martuteneko espetxeak zutik dirau, baina aurreikuspena da 2025eko hasieran itxiko dutela Gipuzkoako kartzela bakarra, Zubietan presondegi berria eraiki baitute eta hara eramango baitituzte presoak.