Hainbat mobilizazio egingo dituzte Maiatzaren Lehenean Donostian
Maiatzaren Lehena da bihar, Langileen Nazioarteko Eguna, eta, urteroko legez, hainbat mobilizazio egingo dituzte Donostian, eguerdian. Hala ere, ez dira sindikatu guztiak presente egongo Donostian, LABek eta ELAk beste hiriburu batzuetan antolatu baitituzte mobilizazioak.
Horrela, alde batetik, CCOO eta UGT sindikatuak 12:00etan manifestatuko dira Donostian, Alderdi Ederretik abiatuta, Enplegu betearen alde: lanaldi laburragoa, soldata hobeak lelopean. Ordu berean, baina Bulebarretik abiatuta, CNT sindikatuak ere manifestazioa egingo du, Hondamendira garamatzate. Eraiki dezagun mundu hobe bat elkarrekin lelopean; aurretik, 10:00etatik aurrera, informazio puntua jarriko dute anarkosindikalistek Bulebarreko McDonald’s jatetxearen aurrean.
Bestalde, Steilas eta ESK sindikatuek, urteroko legez, martxa bat egingo dute Oreretatik Donostiara. 09:45ean abiatuko dira Oreretatik eta eguerdian iritsiko dira Donostiara; iristean, manifestazioa egingo dute hirian. Zuen errezetekin jai dugu. Gure errezeta: desazkundea, eskubideak, zerbitzu eta zaintza publikoak lelopean mobilizatuko dira.
Azkenik, 13:00etan, Jardun koordinakundea manifestatuko da, Bulebarretik abiatuta, Langileon borrokaz, Euskal Herri sozialista lelopean.