Zabalik dago Oporretan Euskaraz udalekuetan izena emateko epea
Maiatzaren 7ra arte eman daiteke izena Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen Oporretan Euskaraz udalekuetan. Haurrek ongi pasatzen duten bitartean, hizkuntza lantzeko aukera ematen dute udaleku horiek. Iaz, 600 umek baino gehiagok parte hartu zuten, Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak baliatuz. Aurtengo uztailean, hilaren 1etik 26ra iraungo dute udalekuek.
Udalekuetan izena emateko bi aukera daude: Internet bidez, Donostia.eus helbidean, eta Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, 09:00etatik 14:00etara (Plaza Berria, 2). Plazak zozketa publiko bidez emango dira, maiatzaren 16an, eta zozketaren emaitzak ikusgai egongo dira maiatzaren 17an, Donostiaeuskaraz.eus eta Donostia.eus webguneetan.
Uztailaren 1etik 26ra izango dira udalekuak, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:30era. Horrez gain, behar duten familiek zaintza zerbitzua izango dute 08:30etik 09:00etara. 2013tik 2019ra (biak barne) jaio eta Donostian erroldatuta dauden haurrek har dezakete parte.