Jardun Koordinadorak kapitalismotik askatzeko «langile antolakuntza sendo bat» aldarrikatu du
'Langile borrokaz Euskal Herri sozialista lelopean', Erdialdeko kaleetatik egin dute manifestazioa eta, ondoren, Parte Zaharreko lokal bat okupatu dute.
Jardun Koordinadorak deituta, Euskal Herriko hainbat lurraldeetako militanteak bildu dira Donostiako Erdialdean, Langileen Nazioarteko Eguneko mobilizazioan parte hartzeko. Kapitalaren erakundeetatik aldentzeko deia luzatu du koordinadorak, hori baita, mugimenduaren arabera, esplotazioarekin eta zapalkuntzarekin amaitzeko bide bakarra: “Klase zapaltzaileak ez ditu bere pribilegio eta aberastasunak borondatez emango. Langileak bere defentsarako sortzen dituen baldintza politikoen bitartez apurtu ahal izango du katea”, aldarrikatu dute.
Hala, beharrezkoa ikusten dute Euskal Herriko klase eraikuntza nazionalari bultzada ematea, “tokian tokiko baliabideekin eta unean uneko indarraren arabera”. Teoriatik praktikara pasatzeko erabakia hartuta, Jauregi Generala kaleko 5. zenbakiko lokal bat okupatu dute, manifestazioa amaitu ostean.
Ohar bidez azaldu dutenez, gaurko okupazioa “izaera sinbolikoko ekintza edo aldarrikapena izatetik harago”, langile klaseak dituen alternatibak nabarmentzeko baliatu dute. Sare sozialetan eskegitako bideoetan ageri denez, bestalde, Ertzaintzak kalea itxi du eta okupazioan parte hartu duten lagunak grabatu ditu, ondoren identifikatzeko asmoz.
Ate aurrean dauden pertsona guztien aurpegiak grabatzen ari dira banan banan.
— Aske Antolakundea (@aske_eh) May 1, 2024
INDAR ERREPRESIBOAK SUNTSITU! pic.twitter.com/migANoA5H7