'Larruak eta izurrak' erakusketak jarduera egitarau zabala izango du Tabakaleran
Tabakalerako Larruak eta izurrak erakusketak eskultura garaikideari buruzko ikuspegi bat eskaintzen du bertako sortzaile belaunaldi berri baten eskutik: June Crespo, Nora Aurrekoetxea, Sahatsa Jauregi eta Kimia Kamvari. Euren lanak Yael Davids, Iman Issa eta Lucia Koch nazioarteko artistekin batera daude ikusgai. Gainera, erakusketak performancea eta arte eszenikoak lantzen dituzten artisten eta kolektiboen arteko topaketak proposatzen ditu.
Horrela, Laura Valles Vilchezek komisariatutako erakusketak modu aktiboan gonbidatzen du publikoa ikusgai dauden artelanak behatze hutsetik harago joatera eta Tabakalerako erakusketa areto nagusian bertan egiten diren zenbait jardueratan parte hartzera.
Datozen egunetako jarduerak
Lehenengo jarduera aipagarria Sahatsa Jauregi artistaren eta Tripak konpainiaren Azpitik doaz pieza aktibatzea izango da. Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suarez eta Natalia Suarezek osatutako taldeak pieza metaliko handia aktibatzeko performance bat egingo du maiatzaren 3an eta 31n, 19:00etan. Artistak eta kolektiboak izaera makinikoko eskultura sistema bat sortu dute. Sistema horrek erreminten, berunaren, egitura protesikoen, armen eta gerren irudiak sortzen ditu. Erakusketa aretoan bertan ikusi ahal izango da, eta sarrera librea da.
Bigarren proposamena June Crespo artistaren Core-rako erabilera eskuliburua lanaren aktibatzea da, maiatzaren 4an eta ekainaren 1ean, 19:00etan. Kasu honetan, Crespok berak, Beatriz Setien, Maia Villot eta Antonio Menchen koreografo eta artistekin batera, eskultura sorkuntzaren atzean dagoen prozesu somatikoa aztertuko dute eta piezari geruza gehigarriak erantsiko dizkiote.
Maiatzaren 23an Ana Arsuaga Verde Pratoren txanda izango da, Arte-makina arte garaikidera hurbiltzeko ikastaroan parte hartuko du berak. Verde Pratok Larruak eta izurrak erakusketarekin lotutako saioa eskainiko du artearen inguruan ideia eta eztabaida berriak sortzeko. Saioa euskaraz izango da erakusketa aretoan, 18:00etan hasita.
Olatz Otalora ikertzaile, irakasle eta artistak hartuko du lekukoa maiatzaren 31n, 18:00etan, Interpretazioaren alde irakurketa eskaintzeko. Bertan, Tabakalerako erakusketan artisten eta ikusleen artean dagoen harremanari buruzko analisia aurkeztuko du.
Tabakalerako zineak ere Larruak eta izurrakekin lotutako bi proiekzio hartuko ditu. Maiatzaren 9an, 19:00etan, June Crespok eta Maddi Barber zinemagileak erakusketan ikusgai dagoen Core obraren inguruan biek egindako film labur bat aurkeztuko dute. Maiatzaren 16an (19:00) Chantal Akermanen Un jour, Pina a demandé proiektatuko da.
Feldenkrais saioek, maiatzeko astearteetan 18:00etan, eta maiatzaren 8an eta 22an egingo diren bisita solasaldiek emango diete amaiera Tabakalerak proposatutako jarduerei.