Mundu berri baten alde atera da kalera CNT sindikatua
Maiatzaren Lehenak CNT sindikatuko kideak batu ditu eguerdian, Donostian egindako manifestazioan. Bulebarrean hasi eta bukatu dute martxa, Mundu berri bat bihotzean lelopean. Aurretik, informazio puntua jarri dute Bulebarreko McDonald’s jatetxearen aurrean, eta han bertan egin dute bukaerako ekitaldia.
“CNTtik nahikoa dela diogu. Ezin dugu onartu gure mundua, gure duintasuna, gure etorkizuna suntsitzea”, adierazi dute. Mehatxuak “aurpegi asko” dituela gaineratu dute: “Batetik, gu esplotatu, baliabide naturalak agortu eta ingurumena hondatzen duen sistema kapitalistarena, ondorioak jada ordaintzen ditugu guk errurik izan gabe. Bestetik, arlo publikoa suntsitzen, gure beharrak alde batera uzten eta genozidioetara eta gerretara eramaten gaituen klase politiko ustel eta elitista batena, bere onurarako eta negoziorako beti. Baita ahulenak diskriminatu, baztertu eta baztertzen dituen gizarte batena ere”.
Egunetik egunera, CNT sindikatua hazten ari dela nabarmendu dute: “Ehunka aldiz gu isilarazten saiatu badira ere, gero eta presentzia handiagoa dugu borroketan, grebetan, lantokietan. Konfederazioaren bandera gorri-beltza lan-gatazka bat dagoen lekuan dago, gutako edonork bidezkoa dena eskatzen duen tokian”.
Horrez gain, beraien borrokek eta aldarrikapenek “inoiz baino egunerokotasun handiagoa” dutela adierazi dute: “Lan baldintza duinen, soldata justuen eta eskubide sindikalen alde gaude Berdintasunean, elkartasunean eta elkarren babesean oinarritutako gizartearen alde. Autoritarismoei aurre egiteko gai den gizarte baten alde. Bizitzea merezi duen mundu baten alde. Gogoratu behar dugu ez dagoela beste mundurik, bizitzeko beste modu batzuk baizik”.
Ekitaldia esaldi honekin bukatu dute: “Hondamendira garamatzate. Eraiki dezagun mundu hobe bat elkarrekin”.