Zinemaldiak eta Loterias erakundeak gizarte gaiei buruzko film laburren lehiaketa bat sortu dute
Donostia Zinemaldiak eta Loterias y Apuestas del Estado (SELAE) erakundeak gizarte gaiei buruzko film laburren lehiaketa bat sortu dute. Lan irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, eta bigarren sailkatuak, berriz, 5.000 euroko saria. Loterias sarirako izena emateko epea gaur hasiko da, eta ekainaren 17ra arte egongo da zabalik.
Akordio bati jarraituz —hasiera batean, hiru urteko indarraldia du—, lehiaketa berriaren helburua da ikus-entzunezko bitartekoak erabiltzea mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko; aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta gizarte justizia sustatuko dituzte mezuok.
Deialdiaren oinarrien arabera, film laburren gaiak hauekin lotuta egongo dira: adinekoen ongizatea, horien bakardadearen aurkako borroka eta horien bizi kalitatea hobetzea; genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzea; kalteberatasun egoeran dauden pertsonei laguntzea, eta laguntza sozioekonomikoa behar duten minbizidun pazienteei laguntzea. Film laburrak online inskriba daitezke Donostia Zinemaldiaren webgunean.
Loterias sariak erabakiko dituen epaimahaia Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak eta SELAE erakundeak aukeratuko dute, eta ikus-entzunezkoen arloko eta gizarte arloko hiru ordezkarik osatuko dute. Bi lan irabazleak sariak banatzeko ekitaldian proiektatuko dira, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan —2024ko irailaren 20tik 28ra egingo da—.