Baimena eskatu beharko da Donostian drone bat erabili ahal izateko
Donostian beharrezkoa da drone bat erabiltzeko baimena eskatzea, edozein erabilerarako. Horixe gogorarazi du gaur Hiri Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotzi Martin Ibabek, izan ere, azaldu duenez, “gero eta drone gehiago” ikusten dira hirian.
Ibabek argitu du 2020ko abenduaren 31tik gutxieneko baldintza batzuk daudela Europako Batasunak araututa, eta horiek hegaldi mota guztiei eragiten dietela –izan erabilera pribaturako, izan erabilera profesionalerako–, dronearen tamaina edo pisua zeinahi den ere. Horiek horrela, honakoa esan du: “Ezinbestekoa da drone bat hegan jarri nahi duen pertsona oro AESA Estatuko Aireko Segurtasun Agentzian erregistratua egotea, horrelako tresna bat erabiltzeko gutxieneko pilotu formazioa izatea, ardura zibilaren derrigorrezko asegurua edukitzea, ezarritako arau orokorrak jarraitzea, hainbat lekutan hegan egiteko dauden mugak kontuan izatea, eta distantzia zuzeneko identifikatze sistema izatea”.
Zinegotziak gaineratu du beharrezkoa dela lehenik, ENAIRE Espainiako aireko nabigazio kudeatzailearekin dokumentu bateratua egitea, bigarrenik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari hegaldiaren berri ematea, eta azkenik, Udalaren Gune Publikoaren Erabileraren baimena izatea. Azken honek Udaltzaingoari jardueraren berri emango dio, jarraipena egin dezan.
250 gramo baino gutxiago duten droneak
Ibaberen esanetan, Donostiaren kasua berezia da, izan ere, aireportuaren eraginaren eremuan dago. Horrenbestez, drone hegaldi guztiek kontrolatuta eta ENAIREk erregistratuta egon behar dute. Gainera, gogorarazi du debekatuta dagoela pertsona asko dauden lekuetan drone bat erabiltzea.
Era berean, Ibabek adierazi du 250 gramo baino gutxiago pisatzen duten dronek araudi berdina bete behar dutela, hiria aireportuaren eraginaren eremuan dagoelako. Eta ondorioz, ezarritako segurtasun neurri guztiak bete behar dituztela, hau da, erabiltzaileak beharrezko titulua izatea, ardura zibileko derrigorrezko asegurua izatea, eta pertsonenganako babes neurri egokiak izatea.
“Drone mota hauek erabiltzen dituzten pilotuek AESAren 1.mailako azterketa gaindituta izan behar dute. Halaber, ezin da dronea 120metro baino altuago igo, horizontalean gehienez 50 metro aldendu daiteke, eta ezin da erabili kontrolatutako aire eremu, aerodromo edo aireportu baten zortzi kilometrotako inguruan. Gainera, debekatuta dago drone bat erabiltzea Parke Nazionaletan, fauna babesteko eremutan, edozein Biosferaren erreserbatan edota babestutako natura eremutan”, azaldu du Ibabek.
Baldin eta drone horiek kamera badute, pilotuak kontuan izan behar du Datuen Babesaren Legea ez urratzea, baita pertsonen intimitatearen eta ohorearen eskubidea, eta ardura zibileko asegurua izatea.
Begiztatzeak eta isunak
Udaltzaingoak azken hilabeteetan drone hegaldi dezente begiztatu ditu hiriko hainbat lekutan. Zinegotziaren arabera, baimenik gabeko hogei hegaldi begiztatu dituzte, eta horrek “kezka” sortzen die, kontrolik eta baimenik gabeko hegaldiak baitira.
Urgull, Ulia eta hiru hondartzetan izaten dira begiztatze gehienak, eta Udaltzaingoak arduradunak topatzeko ikerketa zabaltzen du. Horren harira, Ibabek honakoa esan du: “Oso zaila da komunikatu gabeko hegaldi hauen arduradunak harrapatzea, baina, batzuetan, ikerketak bere fruituak ematen ditu. Batez ere, gizarte sareetan jartzen diren irudi eta bideoei esker, edota hegaldiak errepikatzen badira jarraipen zehatzak egiteari esker, legez kanpoko jarduera horien atzean dauden pertsonak identifikatzen dira. Hain zuzen ere, isun handia izan dezakeen legez kanpoko jarduera”.
2023an, Udaltzaingoak baimenik gabeko hamar hegaldi atzeman zituen, eta AESAri dagozkion aktak bidali zizkion isuna jar zitzan. Ibabek aditzera eman du, isun horiek 60 eta 225.000 euro artekoak izan daitezkeela, baldin eta erabilera arrunterako bada, eta 4.500etik gorakoak –eta 225.000 euro baino askoz handiagokoak arte–, baldin eta baimenik gabeko hegaldi horiekin lortutako irudiak erabilera profesionalerako badira.