Palestinaren aldeko manifestazioa egingo dute Donostian, Nakbaren bueltan
Nakba eguna da hilaren 15a, palestinarrek beren exodoa eta Israelgo Estatuaren sorrera gogora ekartzen dituzten eguna —arabieraz, ‘hondamena’ esan nahi du—, eta, horren bueltan, mobilizazioak antolatu ditu BDZ plataformak (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Sionistek 1948an kanporatu zituzten palestinarrak euren lurraldetik, eta, beraz, 76. Nakba izango da aurtengoa. Israel genozidioa gauzatzen ari da Palestinan, eta hori salatzera aterako dira kalera Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donostian, hilaren 15ean bertan antolatu dute manifestazioa, 19:00etan, Bulebarretik abiatuta.
“Nakba ez zen une zehatz bat izan historian, baizik eta gaur egun Israelen kolonizazioak okupazio, kolonizazio, garbiketa etniko eta apartheid operazioekin jarraitzen du. Azken zazpi hilabeteotan 33.000 palestinar baino gehiago hil dituzte Gazan eta 466 baino gehiago Zisjordanian. Gazan, biztanleriaren %75 baino gehiago desplazatzera behartua izan da, batez ere lurralde okupatuetatik etorritako biztanleria errefuxiatu bihurtuz”, salatu du BDZk.
Halaber, nabarmendu dute kalera aterako direla gogorarazteko Palestinako herria borrokan dagoela “bere askatasunaren eta biziraupenaren alde”, eta “elkartasunerako ezinbestekoa” dela “Israelgo kolonizazio, apartheid eta garbiketa etnikoaren erregimena iraunaraztea ahalbidetzen duten konplizitateen aurkako borroka indartzea”.