Begoña Urroz: gezur ilunetik egia argira
Begoña Urroz haurra hil zutenetik 64 urte pasatu diren honetan, gaurkotasuna berreskuratu du gaiak, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian 'Muerte en Amara' dokumentala (Aitor Gonzalez de Langarica, 2024) estreinatu ostean. Istorioa hasieratik bukaerara kontatzen du lanak, eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioak 2019an argitaratutako ikerketan oinarrituta, Urroz DRIL taldeak hil zuela baieztatzen du, eta ez ETAk. Ordea, bertsio ofizialak baztertu bazituen ere, 2010az geroztik bazeuden hori bera ondorioztatu zuten ikerketak.
Duela ia 64 urte, 1960ko ekainaren 27ko arratsaldean, Jesusa Ibarrola Lasartetik Donostiara etorri zen erosketa batzuk egitera, Begoña Urroz Ibarrola 20 hilabeteko alabarekin. Donostiara heltzean, haurra Soledad izebarekin utzi zuen Ibarrolak, Amarako tren geltokian, izebak bertako kontsignan egiten baitzuen lan. Urroz han utzi eta gutxira, ordea, bonba bat zuen maleta batek eztanda egin zuen kontsignan, eta sei lagun zauritu ziren leherketaren eraginez; tartean, 20 hilabeteko haurra. Urroz hurrengo egunean zendu zen, zauri horien eraginez. Espainiako Polizia frankistak kasua ikertu zuen, baina ez zuen inor atxilotu eta ez zuen inork ordaindu atentatuarengatik.
Egun horietan, antzeko beste bost leherketa gertatu ziren estatuko zenbait puntutan, hildakorik eragin gabe: ekainaren 26an, Bartzelona-Madril ibilbidea egiten ari zen tren batean; 27an, Bartzelonako Nordeko geltokian, Donostiako Norteko geltokian eta Madrileko Estacion del Norten eta, 29an, Bilboko Atxuri geltokian. Ekainaren 28an, El Diario Vasco egunkariak Espainiako Gobernazio Ministerioak helarazitako informazioa argitaratu zuen, lehenengo bost leherketak —Bilbokoa oraindik ez zen jazo— «separatista eta komunista espainiarrek» lagundutako «atzerriko elementuei» leporatuz.
Gaiak ez zuen askoz ibilbide handiagoa eduki hortik aurrera, eta Urrozen familiak, hiletatik aurrera, ez zuen erregimenaren babesik jaso, Muerte en Amara dokumentalean Gaizka Fernandez de Soldevilla historialariak dioenez.
ETAren egiletzaren teoria
2000. urteko irailaren 19an, Ernest Lluch PSCko politikari katalanak La primera víctima de ETA iritzi artikulua argitaratu zuen El Correo egunkarian, azalduz Urrozen kasuaren inguruko ikerketa bat egin zuela eta atentatua ETArekin lotzen zuela —handik hilabete batzuetara hil zuen ETAk Lluch bera—. Aurretik ere hipotesi moduan argitaratuta zuen hori bera politikariak, Ainhoa Oiartzabal kazetariak 2011ko otsailaren 20an Berria-n argitaratutako Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportaje zabalean jaso zuenez —Rikardo Arregi saria jaso zuen Oiartzabalek lan horrengatik—. Hain zuzen ere, Lluchek 1993ko abenduaren 16an argitaratu zuen hipotesi hori estreinakoz, La Vanguardia egunkarian, eta 1995eko otsailaren 9an, egunkari berean, hipotesi bera zabaldu zuen.
Zein zen, ordea, Lluchen iturria? Jose Antonio Pagola Donostiako bikario ohiak 1992an argitaratutako Una ética para la paz. Los obispos vascos 1968-1992 liburuko oin ohar bat, zioena «dirudienez» Urroz izan zela ETAren lehenengo biktima. Ordura arte, esaten zen Jose Antonio Pardines guardia zibila izan zela ETAren lehenengo biktima, 1968an hildakoa, aurretik prestatu gabeko tiroketa batean.
Zein zen Lluchen iturria? Jose Antonio Pagola Donostiako bikario ohiaren liburu bateko oin ohar bat
Pardines da benetan ETAren lehenengo biktima, eta horixe zen Pagolak liburuan defendatzen zuena, Berria-ri 2011ko erreportajean azaldu zionez: «Nire tesia liburuaren testu nagusian dator: ETAk 1968an hil zuen lehendabizikoz». Halaber, Oiartzabali azaldu zion Lasarte-Orian 1992. urtearen bueltan eman zuen hitzaldi batean esan ziotenarengatik idatzi zuela aipaturiko oin oharra: «Ez batek bakarrik, oso zabalduta baitzegoen herrian familiak hala esanda, ezetz esan zidaten, ume bat zela lehen hildakoa, bertakoa». Pagolaren informazioaren arabera, 1960an, Gipuzkoako gobernadore zibilak esan zion Urrozen familiari atentatuaren egilea ETA zela. Hala ere, informazio hori garaiko egunkarietan agertzen ez zela konprobatu ostean, ez zuen datua ziurtzat eman. Beraz, ez zuen liburuko tesia aldatu eta oin oharrean aipatu zuen Lasarte-Orian esan ziotena, «dirudienez» jarrita.
Lluchek berak azaldu zuen, El Correo-ko artikuluan, Lazkaoko beneditarren artxiboan izan zela, baina ez zuela Amarako geltokiko atentatua ETArekin lotzeko dokumentaziorik aurkitu. Hala ere, «espero izatekoa da heriotza nardagarri batek diskrezio osoa eskatzea», gaineratu zuen. Handik hilabete ingurura, El pecado original de ETA artikulua argitaratu zuen La Vanguardia-n, esanez frogatu zuela Urroz ETAk hil zuela.
Lluchen teoria asko zabaldu zen, eta, 2010ean, ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak, Urroz hil zuen atentatua gertatu zen eguna, hain zuzen ere. Haurra ETAk hil zuenaren tesian oinarrituta izendatu zuten egun hori.
Kontrako ahotsak
Espainiako Kongresuak ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatu ostean, Santiago de Pablo historialariak ¿La primera víctima de ETA? artikulua argitaratu zuen El Correo-n, esanez Urroz DRIL (Directorio Revolucionario Iberico de Liberacion) erakunde armatuak hil zuela. Muerte en Amara dokumentalean, hain zuzen ere, De Pablo agertzen da, artikulu horren nondik norakoak azalduz.
Ordea, egiari zor, De Pablo ez zen izan Urroz DRILek hil zuela azaldu zuen lehenengoa. Dokumentalean ez da aipatu ere egiten, baina Iñaki Egaña historialari donostiarrak kasuaren inguruko ikerketa sakona eta «zientifikoa» egin zuen aurretik, eta 2010eko otsailaren 12an Gara egunkarian argitaratutako Cómo se construye una mentira artikuluan azaldu zuen Urroz ez zuela ETAk hil, DRILek baizik. Espainiako eta Portugalgo diktadurekin amaitzea helburu zuen taldea zen DRIL, bi estatuetako militanteek osaturikoa, eta ibilbide labur zein gorabeheratsua izan zuena, barneko desadostasunen ondorioz, bereziki. 1961ean, Santa Maria transatlantiko portugaldarra hainbat egunez bahituta eduki zuen taldeak, eta hori izan zen garai hartan oihartzun handiena izan zuen DRILen ekintza.
De Pablo ez zen izan Urroz DRILek hil zuela azaldu zuen lehenengoa. Dokumentalean ez da aipatu ere egiten, baina Iñaki Egaña izan zen
Lluchen teoria Vidas Rotas liburuak (Rogelio Alonso, Florencio Dominguez eta Marcos Garcia Rey, 2010) eta Espainiako prentsan argitaratutako artikulu batzuek indartu zuten. Hain zuzen ere, argitalpen horietan esaten zen Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis ETAko buruzagi ohiaren ordenagailuan aurkitutako kronologia batean, zein Egin egunkariaren 1994ko urtekarian eta Luis Nuñez kazetariak urte berean zuzendutako Euskal Herria y la libertad lanean, ETArekin lotutako gertakariak jasotzen zituen kronologian Urroz aipatzen zela.
Lan hori, ordea, ondo ezagutzen zuen Egañak, eta argi zuen gezurra zela aipaturiko argitalpenek ziotena: «Nuñezek laguntza eskatu zidan kronologia hori prestatzeko, beraz, banekien zer jartzen zuen. Ondoren, Egin-ek kronologia hori diskete batean salgai jarri zuen bere urteurren baten bueltan, eta pentsatzen dut horregatik izango zuela Txelisek». Hori izan zen Urrozen kasua ikertzen hasteko arrazoietako bat, baina ez bakarra, pertsonalki ere interesatzen baitzitzaion: «Ni Amarakoa naiz, eta auzoan gertatu zen atentatua. Bestalde, Baleren Bakaikoa zaurituen artean egon zen eta nire laguna da, eta behin baino gehiagotan kontatu izan zidan gertatutakoa, anekdota moduan. Gainera, hedabideren batek aprobetxatu zuen Bakaikoa ezker abertzaleko kidea zela eta zaurituen artean zegoela, atentatua ETArekin lotzeko».
Ikerketa sakona
Lluchen teoria asko puztu zela ikusita, gaia sakonki ikertzea erabaki zuen Egañak: «Lehenengo iturriak garaiko komunikabideak izan ziren, tartean El Socialista». PSOEren adierazpen organoa zen komunikabide hori 1960an, eta Amarako atentatua Francoren interesekin lotu zuen. Hain zuzen ere, Egañak 2010eko abenduaren 18an Gara-n argitaratutako Begoña Urroz, la Policía Española estaba infiltrada en los comandos que pusieron las bombas artikuluan azaldu zuenez, Urroz hil zuen atentatuan inplikatuta egon ziren Espainiako Poliziak DRILen infiltratutako hiru polizia, gutxienez: Santiago Martinez Donoso, Abderraman Muley More eta Agustin Parradas Sicilia. EAJk ere infiltratuen hipotesiaren alde egin zuen 1960an bertan, eta Le Monde egunkari frantsesak DRILi egotzi zizkion atentatuak 1960ko ekainaren 29an. Halaber, 1962an, ABC egunkari espainiarrak DRILekin lotu zuen Urrozen hilketa, Oiartzabalen erreportaje zabalean jasotzen denez.
Espainiako Poliziaren garaiko artxiboak ezin izan zituen kontsultatu Egañak, oraindik ez zirelako pasatu dokumentuak desklasifikatzeko behar ziren 50 urteak, baina Xavier Montanya kazetari katalanak 50 urteak pasatu ostean kontsultatu zituen, eta Egañaren ildo beretik zihoan ikerketa plazaratu zuen. Galiziako Emigrazio Artxiboan zeuden DRILen dokumentuak kontsultatu zituen Egañak, Venezuelara joan zen han egon zirelako DRILeko erbesteratu batzuk eta Kubara ere bidaiatu zuen, DRILen atzean egondako Eloy Gutierrez Menoyo elkarrizketatzera. Gutierrez Menoyok iraultza egin zuen Fidel Castrorekin, baina iraultzaren aurkako jarrera izan zuen gero, eta AEBetara egin zuen ihes. Handik urte askora, adinekoa zenean, Kubara itzultzeko baimena eman zioten. Halaber, Belgikako garaiko hedabideak ere kontsultatu zituen, herrialde horretan atxilotu baitzituzten DRILeko hainbat kide, ziurrenik Amarako atentatuarekin zerikusia zutenak. Ordea, azkar askatu zituzten, Egañaren arabera, segur aski, infiltratuak zeudelako tartean.
Egañak egiaztatu zuen DRILek egin zuela atentatua, eta infiltratutako polizia espainiarrak tartean egon zirela
Iturri horiek guztiak kontsultatuta, Egañak egiaztatu zuen DRILek egin zuela atentatua, eta infiltratutako polizia espainiarrak tartean egon zirela. Bestalde, Jorge Sotomayor DRILeko kide eta Santa Maria transatlantikoaren bahiketaren buruzagietako bat izan zen, eta 1970eko hamarkadan argitaratu zuen Yo robé el Santa Maria liburuan, zein haren eskuizkribuekin duela urte batzuk argitaratu zen A captura do Santa Maria. 24 homens e mais nada liburuan onartu zuen Urroz hil zuen atentatua DRILek egin zuela.
1960an ETAko militanteak izan ziren hainbat kiderekin ere hitz egin zuen historialari donostiarrak: «Erabat baztertu zuten egiletza. Testuingurua aztertuta, gainera, argi zegoen orduan ETA ez zela gai horrelako ekintza bat egiteko». Izan ere, ETAk urtebete eskas baino ez zuen 1960an, eta borroka armatuaren ideia erakundean oraindik ez zegoen bereziki landuta ere, Jose Antonio Lizarribar ETAko hastapenetako kideak Berria-ren 2011ko erreportajean azaldu zuenez: «1960an ez zegoen ez armarik ez inor armak erabiltzen zekienik. Mentalitatea ere ez zegoen landuta». Ildo beretik jo zuen ETAko hastapenetako kide Jose Luis Alvarez Enparatza Txillardegi-k erreportaje berean: «ETA garai hartan ez zegoen armatua. 1960an ez da posible ezer egitea». Are gehiago, Julen Madariaga ETAko buruzagi ohiak Berria-ri azaldu zion DRILekoekin haserre egon zirela gerora: «Besteen oilategian sartu ziren».
ETAk 1968an hil zuen estreinakoz: Meliton Manzanas polizia torturatzailea izan zen lehenengo hilketa planifikatua, baina aurretik Pardines hil zuten, planifikatu gabeko tiroketa batean. 1963an hasi ziren lehenengo pistolak eta dinamita lortzen eta lehenengo sabotaje planifikatua 1961ean izan zen, Francoren soldadu ohien tren bat bidetik ateratzen saiatu zirenean. «Gure kezka nagusia inor ez hiltzea zen», nabarmendu zuen Madariagak Berria-n, 2011n. Erakundearen esperientzia falta agerikoa zen, ez baitzuten lortu ez soldaduen trena eta ez egun hartan handik pasatu ziren beste trenetako bakar bat ere ez geldiaraztea. Horrela, «ETA beti txarra izan den ideia zabaltzeko» eman zioten horrenbeste oihartzun Lluchen teoriari, Jose Felix Azurmendi kazetari eta ETAko militante ohiak Berria-n 2011n nabarmendu zuenez. Izan ere, ez da gauza bera lehenengo biktimak guardia zibil frankista bat eta torturatzaile bat izatea edo haur errugabe bat izatea.
Bertsio ofiziala ez zen aldatu
Ez Egañaren ikerketak, ez ondoren etorri ziren beste ikerketa batzuk eta ezta Berria-ko erreportaje zabalak ere, ez zuten Espainiako Gobernuaren bertsioa aldatu, 2019ra arte. Urte hartan, Gaizka Fernandez Soldevilla historialariak eta Manuel Aguilar TVEko dokumentalistak Muerte en Amara. La violencia del DRIL a la luz de Begoña Urroz txostena argitaratu zuten —hori da Muerte en Amara dokumentalaren oinarria—, Espainiako Gobernuaren mendeko Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioaren babesarekin; besteak beste, Meliton Manzanas torturatzaile eta nazien laguntzailea terrorismoaren biktimatzat du elkarte horrek. Txosten horren harira, Egañak ia hamar urte lehenago argitaratutako ondorio bera ofizialki zabaldu zen.
Zentroko zuzendaria Florencio Dominguez da, hain zuzen ere, Urroz ETAk hil zuenaren teoria indartu zuen Vidas rotas liburu zabalduaren egileetako bat —Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izandako Kofi Annani ere eman zioten liburua 2011ko Aieteko Konferentzian—. Egañaren ustez, zentroak «sinesgarritasuna izateko» ondu zuen txosten hori, ordurako asko baitziren Urroz DRILek hil zuela ondorioztatu zutenak: «Zentrokoek urte asko zeramatzaten gezurretan eta sinesgarritasuna galtzen, eta denok genekien».
Ez da ahaztu behar nortzuk izan ziren ETA izan zenaren gezurra zabaldu zutenak, eta nondik etorri zen benetan egia
Bestalde, Fernandez zentroko artxibo eta dokumentazio arduraduna da, eta ETAren inguruko hainbat liburu argitaratu ditu. Horietako batean, Santiago de Pablorekin batera idatzitako Las raíces de un cáncer-en, Aranzadi Zientzia Elkarteari ETAren sorrera zuritzea leporatu zion. Aranzadi erakunde zientifiko bat da, ez politikoa, eta Egañak gogorarazi du erakunde publikoek edo unibertsitateek egin beharko luketen lana egiten duela, esaterako, 36ko gerrako hobi komunen indusketekin.
Dokumentalean diotenez, txostena argitaratu ostean, dokumentazio berria jaso zuten Fernandezek eta Aguilarrek, eta horri esker, ondorioztatu ahal izan dute Amaran bonba jarri zuena Guillermo Santoro DRILeko kidea izan zela. Santoro erbesteratuta egon zen urte luzez, eta amnistiarekin itzuli zen Galiziara, bere jaioterrira; 2012an zendu zen. Fernandezek dokumentalean dioenez, «iturri anonimo batek» Donostiako atentatuen inguruko ikerketaren garaiko polizia txostenak helarazi zizkien, non ikusten den Meliton Manzanas zela ikertzaileetako bat eta Santoro zutela erruduntzat. Hala ere, Egañak ohartarazi du iturri horiek tentuz hartu behar direla: «Manzanas frankismoaren polizia zen. Beraz, iturri fidagarria da? Nola lortu zuen informazioa? Torturaz?».
Egia gailendu behar da
Santoro izan edo ez, argi dago DRIL izan zela Begoña Urroz Ibarrola haurra hil zuena, Espainiako polizia infiltratuak tartean izanda. Baina ez da ahaztu behar nortzuk izan ziren ETA izan zenaren gezurra zabaldu zutenak, eta egia ez zuela Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioak ekarri, Egañak eta ondoren beste hainbatek ekarri zutela, mespretxatua izan bazen ere. Horrela, «hazia landatzearen garrantzia» nabarmendu du Egañak: «Ikerketak zabaltzeko egiten ditugu, batzuetan balioko du eta beste batzuetan ez, baina hazia landatu behar da, beti. Gero ikusiko dugu zer ematen duen, zuhaitz bat ala zuhaixka bat».