Belaunaldiak elikatu zituen esne tanta
1903tik 1984ra bitarte, milaka haur elikatu ziren Gota de Leche erakundeari esker. Donostiako egoitza aitzindari izan zen, haurren elikadurarako esne esterilizatua prestatzen. Doan emandako esnearen truke, haurrak medikuarengana eraman behar zituzten aldiro-aldiro.
Amak euren haurrekin Gota de Leche erakundeak zuen egoitzaren itxaron gelan. kutxateka XIX. mendearen amaieran, esterilizazioak eta higieneak medikuntza irauli zuten urteetan, haur jaioberrien osasuna hobetzeko eztabaidak ugaritu ziren Europan. Klaseen arteko arrakala are nagusiagoa zenean, desnutrizioa zuten nagusi langileen familiek. Orduko goseteek jaioberriei eragiten zieten, batik bat, amaren elikadura faltagatik. Manuel Solorzano erizainak La Gota de Leche en San Sebastian (1901-1984) artikuluan jasotzen duenez, halaber, umeen hilkortasun tasa oso altua zen, eta haurrek jasotzen zituzten elikagaiak urriak bezain txarrak ziren.
Egoeraz jabetuta, haurren elikadura hobetzeko egitasmoen bila hasi ziren Frantzian. Urteetako azterketen ostean, Normandiako pediatra batek topatu zuen irtenbidea: behi esnea moldatuta, ama esnearen antzekoa izan zitekeen produktua lortu zezaketen.Proposamen horrek emaitza arrakastatsuak izan zituen lehen urteetan, eta urte gutxian behi esne esterilizatuaren proiektua zabaldu zen Europan barrena.
Donostian, 1903an ireki zuten Gota de Leche erakundearen egoitza, udalak eta garai hartako bi aurrezki kutxek bultzatuta —Udal Aurrezki Kutxa eta Probintziako Aurrezki Kutxa—. Hasieran, San Martin plazatxoan egindako kiosko batean jarri zuten gunea; gero, Udal Aurrezki Kutxak Getaria kalean zuen eraikinera lekualdatu zuten; Bergara kaletik ere pasa zen egoitza eta azkenik, Getaria kaleko 19. zenbakian kokatu zuten, 1968an.
Gune horiek guztiak Gipuzkoako Aldundiak erositako behi esnez hornitzen zituzten, eta Auñamendi Euskal Entziklopediak jasotzen duenez, orduko «ganadu hoberena» erabiltzen zuten zeregin horretarako.Zizurkilgo Fraisoro baserritik hasi ziren esnea jasotzen, eta Ibaetako Iza behitegitik, ondoren. Henri Delaire Fraisoro etxaldearen jabeak ikasi zuen esnea moldatzeko teknika: bost litro behi esne sartzen zituzten aparatu gaingabetzailean, eta mugimendu birakari azkarren bitartez esne gaina kentzen zuten. Horren ostean, urarekin, laktosarekin eta gatzarekin moldaketak egin behar izaten zituzten, ama esneak behiarenak baino kaseina gutxiago duelako eta, aldiz, laktosoagoa delako.

Iza baserria eta behitegia, Ibaeta
auzoan, egungo Matia egoitzaren inguruan . Bertako ukuiluan, La Gota de Leche elkarteko behiak zituzten.La gota de leche en sus primeros cincuenta años’ liburua.
Jaioberriak elikatzeko likidoa lortzen zuten bitartean, Le Vabou Train izeneko makina bat jartzen zuten martxan. Ur beroarekin eta bikarbonatoarekin 1.200 biberoi garbitzen zituen pizten zuten bakoitzeko.
Higienea garaile
Erakundearen hastapenetatik, haurrak elikatzeko zereginarekin batera uztartzen zuten gaixotasunak prebenitzeko egindako higiene heziketa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxak 1953an egindako La gota de leche en sus primeros cincuenta años liburuan jasotzen den moduan, hasierako medikuek borroka luzeak izan zituzten orduko amekin. Antza denez, garaiko gurasoak ez zetozen bat arrotzak zitzaizkien irizpide zientifikoekin, eta denbora behar izan zuten higienearen beharraz jabetzeko.
Liburuan jasotzen denez, halaber, haurren buruetan kutsadura hipotetikoen aurkako zakar geruza bat mantentzeko ohitura zuten orduan: «Praktika antihigieniko horiek desagertuak baziren ere, Sagardia doktoreak oraindik borroka handia egin behar izan zuen kapa horren ohitura itzuli ez zedin».
Amen erresistentzia gaindituta, haurren azterketa mediku zorrotza inposatu zitzaien familiei. Hala, osasuntsu egon ala ez, hamar egunetik behin medikuarengana joan behar zuten, ordainetan esnea doan jasotzeko.Truke hori errespetatuta jardun zuten hamarkada luzez, eta milaka haur artatu zituzten erakundean. Lehen mende erdian, 467.419 biberoi banatu zituzten, eta zenbatutako mediku kontsultak 12.000 baino gehiago izan ziren.

Gota de Leche elkartearen esterilizazio gela.‘La gota de leche en sus primeros cincuenta años’ liburua.
1950eko hamarkadan ere lanez lepo aritzen ziren: 40 eta 50 haur artean artatzen zituzten eguneko. Hurrengo urteetan, baina, behera egin zuen arreta guneak, eta Solorzanok jasotzen duen moduan, erakundearen ateak betirako itxi ziren 1984an: «Beste erakunde batzuetan artatuak izateagatik ia ez ziren umeak etortzen. Gainera, behitegia itxi zuten, horren ordez, esne hautsa prestatzen hasi zirelako».
