Erdi Aroan murgilduko dira Txanpontxo jaiak
Etxeko lanak eginda iritsi dira maiatzera Bidebietan, eta egitarau zabala ondu du auzo elkarteak Txanpontxo jaietarako. Ostegunean lehertuko da festa Guardaplata bidean, eta bizilagunek jardueraz beteriko lau egun izango dituzte aurretik, festa giroan murgiltzeko.
Jai batzordean gutxi diren arren, Bidebietako elkarteen eta bizilagunen laguntza izaten dute jaietan. Olatz Balda Bidebietako egutegietan gorriz borobilduta dituzte maiatzeko hainbat egun, eta egunotan, seinalatutako data horien atzera kontaketa egiten ari dira asko. Urtebeteren ostean, bueltan dira Txanpontxo jaiak, eta Bidebietan, nerbioak dantzari ditu batek baino gehiagok. Urteroko moduan, jai batzordeak auzoko hainbat eragilerekin batera sortu du egitaraua, hilaren 9tik 12ra bitarte aspertzeko tarterik izan ez dezaten auzoan.
Ohi bezala, Txanpontxoren jaitsierarekin abiatuko dituzte jaiak Bidebietan. Erraldoi eta buruhandiak alboan dituela jaitsiko da jaietako ikur nagusia, Guardaplata bidetik. Hortik aurrera, lau eguneko festak ez du etenik izango; otordu herrikoiak, puzgarriak, emanaldiak, jubilatuentzako jarduerak, mozorro festak eta herri kirolak ez dira faltako auzoan.
Berritasun gisa, Erdi Aroko feria izango dute estreinakoz: «Sare sozialen bitartez jarri ziren gurekin harremanetan, eta jaietarako ideia aproposa zela iruditu zitzaigun», azaldu du Izaskun Cruzek, jai batzordeko kideak. Hala, poliester xaflekin egindako ezpatekin borrokatzen erakutsi diete haurrei eta benetako ezpaten erakusketak izango dituzte Allende parkean, larunbat goizean. Eguerditik aurrera, berriz, bosgarren blokean (Serapio Mujika, 33) arituko dira profesionalak, ezpatekin borrokan, Erdi Aroko gerlarien gisan.
Larunbat arratsalderako ere aldaketekin datoz jai batzordetik, izan ere, gau partean nagusi den mozorro festa eguneko bi unetan banatuko dute: «Gauean egin ohi dugu, baina beranduegi da haur askorentzat, eta horregatik arratsaldean ere halako bat egitea erabaki dugu», azaldu du Ruben Fernandez jai batzordeko kideak. Aurtengo gaia, Heavya izango da eta haur zein helduak gai horren baitan hurbildu beharko dira mozorro lehiaketetara: 19:00etan egingo dute txikienek, pilotalekuan, eta ordubete beranduago hasiko dute festa koxkortuek bosgarren blokean.
Auzoko sormena nagusi
Berritasun gutxi dituzten arren, aurreko urteetako jarduera arrakastatsuak mantenduko dituztela baieztatu dute kideek. Hala, Sagardo Eguna ospatuko dute dute beste behin: «Harrera ona izan zuen iaz, eta jendea animatu zela ikusita, aurten ere hainbat postu jarriko ditugu igandean sagardo eta pintxoekin», azaldu du Cruzek.
Era berean, urteroko patata tortilla lehiaketa, kuadrillen jaitsiera, danborrada herrikoia eta zezensuzkoa mantenduko dute. Eguzkia jaisten denean ere, gorputzak mugitzeko giroa ez da faltako: larunbat eta igandean DJak izango dituzte, eta ostiralean Txanpontxo Rock jaia ospatuko dute hamalaugarrenez; Oihu, Mindtrap, Yakovlev 42, The Tragos eta Club de Los Poetas Tuertos taldeak izango dituzte bosgarren blokeko oholtza gainean: «Instagram bidez iritsi zaizkigu proposamen guztiak eta pozgarria da, gehienak auzokoak direlako».
Musika giroan ez ezik, jaietako beste jardueretan ere izango dira auzoko artistak. Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, bizilagun bat haurren aurpegi margoketa egitera «animatu da», eta jai batzordeko kide den Enara Sañudok egin du aurtengo kamisetaren diseinua: «Aurreko urteetan bezala, mozorro festaren gaiarekin sortu dugu aurtengoa, Txanpontxorekin, baina heavy erara.
Txikitik sortuta
Bidebietan, festarako gogoa nagusi den moduan, nabarmena da lagun talde txiki baten etengabeko mugimendua. Azken egunetan lotu beharreko ari mutur mordoa dute, baina gertuago ikusten dute urte hasieran abiatu zuten prozesua: «Oraindik egitarauaren etxez etxeko banaketa egin behar dugu, eta, ondoren, dekorazio guztia jarri», azaldu du Fernandezek.
Aurten, lau lagun aritu dira buru-belarri jaien prestaketa lanetan, eta onartu dute inguruko elkarteen laguntza ezinbesteko dutela, batik bat, bazkari eta afari handien prestaketarako: «Guk ezin ditugu 60 edo 80 pertsonentzako otorduak prestatu, ez dugu lekurik eta ez gara hainbeste».
Hain zuzen, jai batzordeko kideen kopuruak sortzen du erronka nagusiena auzoan: «Beti hiru eta bost lagun artean gara, eta ez dugu erreleborik». Diotenez, inguruko asko jaietan laguntzeko asmoarekin gerturatzen dira, baina inork gutxik du urte osoan zehar jaiak antolatzeko prestutasuna: «Jaiak egitea nahikoa motibazio izan beharko litzateke, baina ez da hala, eta pena bat da».


