Parketarrak egitasmoaren bigarren txanda, maiatzaren 6tik 24ra
Ekitaldiz ekitaldi, harrera ona izaten du egitasmoak. Urruti jo gabe, martxoko txandan, 1.200 haurrek baino gehiagok parte hartu zuten.
Udaberriarekin batera, Parketarrak egitasmoaren urteko bigarren txanda iritsi da. Izan ere, Parketarrak martxoan, maiatzean eta urrian antolatzen da, astelehenetik ostiralera, hiru astez hilabete bakoitzean, hiriko 23 jolasgunetan.
Hain zuzen ere, hauek dira auzoetako jolasguneak: Aiete, Altza Herrera, Altza Casares; Antigua Zubimusu parkea eta Mikel Laboa plaza; Añorga, Amara Berri Olaeta eta Rafael Ruiz Balerdi parkea (Karmelo ikastetxearen atzean); Amara, Araba parkea; Egia, Martin Santos eta Atotxa Zelaia plazak; Erdialdea, Arroka plaza; Gros, Katalunia eta Nafarroa Behera plazak; Ibaeta, Igeldo, Loiolako Erribera, Intxaurrondo, Martutene, Morlans, Parte Zaharra Zuloaga plaza, Txomiñenea eta Zubieta.
Jolasguneetan begiraleak egongo dira euskarazko jolasak dinamizatzeko adinaren arabera bi taldetan banatuta: Zabu Zibu programan, 3-5 urte arteko haurrekin eta haien arduradunekin; eta Txirrintxon programan, 6-9 urte bitarteko umeekin. Jolasa da jarduera honen funtsa, erreminta ezin hobea delako hizkuntza barneratzeko, eta jolasguneetan egongo diren dinamizatzaileek gidari lanak egingo dituzte.
Urteak ditu Parketarrak egitasmoak. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen dute elkarlanean. Hizkuntzaren erabilera aisialdian indartzeko asmoz sortu zen egitasmoa familiak nahiz umeak kalean jolasean ari direnean euskara erabiltzeko.
1.200 haur
Ekitaldiz ekitaldi, harrera ona izaten du egitasmoak. Urruti jo gabe, martxoko txandan, 1.200 haurrek baino gehiagok parte hartu zuten, eta 228 gurasok edota arduradunek. Parte hartze datuek adierazten dute jarduera erakargarria dela, eta haurrek zein helduek gustura hartzen dutela ekimena.