Patinete elektrikoak ezingo dira garraio publikoan sartu astelehenetik aurrera
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) iragarri duenez, datorren astelehenetik aurrera eta mugarik gabe, Mugi sistema osatzen duten ibilgailuetan patinete elektrikoak debekatuta egongo dira, Dbus autobusetan barne.
“Mugikortasun elektrikoko elementu horiek azken urteotan garraiobideen barruan eragindako kalte fisiko zein material larrien ondoren, erabaki hau hartu behar izan dugu, nazioartean, estatuan eta ondoren autonomia erkidegoetan eman den debeku korronteari jarraituz”, azaldu du Azahara Dominguez GGLAko presidenteordeak.
Debeku horrek ez die eragingo mugikortasun murriztua duten pertsonen ibilgailuei, ez eta egungo araudia mantentzen duten bizikleta elektrikoei ere, harik eta etorkizun hurbilean patinete elektrikoen fabrikatzaileek produktu horiei “gaur egun antzeko elementu elektronikoak dituzten eta arrisku egoera horiek saihesten dituzten beste produktu batzuk dituztenen antzeko homologazioak eta segurtasun neurriak” ezartzen dizkieten arte.