Ardor Fest jaialdia egingo dute ekainean Amara Berrin, janari pikantea ardatz
Janari pikantea gustuko dutenek zita garrantzitsu bat izango dute Donostian ekainaren 8an eta 9an, Ardor Fest jaialdia antolatu baitute estreinakoz. Meraki Gourmet eta Chili Mafia elkarteek antolatu dute, Ostalaritza Elkartearen, auzo elkartearen eta Gabi Solaren laguntzarekin, eta Amara Berrin egingo dute, Gregorio Ordoñez kalean. Bestalde, Luis Mari Moreno Urretabizkaia saxofonista ezaguna izango da jaialdiaren aurkezlea.
Hainbat txapelketa egingo dituzte, baina denek zerbait izango dute komunean: janari pikantea izango dute hizpide. Txile Txapelketa, Patata Minen Txapelketa, Oilasko Hegalen Txapelketa eta Pintxo Pikanteen Txapelketa egingo dituzte. Parte hartu nahi izanez gero, jaialdiaren webgunean eman daiteke izena. Bestalde, hainbat postu eta musika emanaldi ere egongo dira bi egun horietan.
Txileenean eta oilasko hegalenean, parte hartzaileek han bertan jan beharko dituzte pikante maila desberdinetako txileak eta oilasko hegalak, eta gehien aguantatzen dutenek irabaziko dute. Bestalde, patata minenenari dagokionez, hogei tabernak hartuko dute parte, eta epaimahaiak erabakiko du zeinek egiten dituen onenak. Azkenik, pintxoenenean, hiriko hainbat tabernak hartuko dute parte, eta euren pintxo pikanteak dastatzen dituzten bezeroek, parte hartzen duten establezimendu guztietan egongo den QR kodearen bidez euren balorazioa egin ahalko dute. Puntuazio gehien jasotzen duten hiru pintxoak lehiatuko dira ekainaren 9an, Ardor Festean. Ainara Lopez, Iñaki Gastro, JJFOODIE eta sukaldari bat izango dira epaimahaikidea.