Disko formako hilarrien inguruko argitalpen berria argitaratu du San Telmo museoak
San Telmo Museoak Disko formako hilarrien inbentarioa Gipuzkoan, 2021 argitaratu du bere webgunean, Luis del Barrio Bazacok egindako ikerketa baten emaitza. Bertan, oso bisualak diren fitxen bidez, Gipuzkoan aurkitutako disko formako 77 hilarri biltzen eta dokumentatzen dira, guztiak lehen milurtekoaren amaieratik gaur egunera arte datatuak. Argitalpen honek Gipuzkoako Foru Aldundiak aurretik burututako lan bat du abiapuntu. Orain, lan hori eguneratu, diseinatu eta webgunean argitaratu dute, euskaraz eta gaztelaniaz.
Lan hau ezagutzera emateko eta hilarrien inguruan sakontzeko asmoz, bihar, maiatzak 7, Paradigmas del pasado izeneko hitzaldia egingo dute museoan, Luis del Barrio ikerketaren egilearen eskutik. Hitzaldia 19:00tan hasiko da, eta sarrera librea izango da.
Bestalde, museoko hilarri bildumatik abiatuta, maiatzaren 11n eta 25ean, familientzako tailerrak antolatu dituzte. Sormena garatzeko eta sormen prozesua lantzeko tailerra gidatuko du Manu Muniategiandikoetxea artistak. Bertan, San Telmoren objektu baten irakurketa berri bat egingo dute parte hartzaileek, arreta emaitzan ez ezik sorkuntza prozesuan ere jarriz. Sarrerak museoaren webgunean eskuratu daitezke.
Disko formako hilarrien inbentarioa Gipuzkoan, 2021, Lurrailan SLko Luis del Barrio Bazacok egindako tokian tokiko ikerketa baten emaitza da. Aurreko ikerketetan inbentariatutako 64 hilarri fisikoki dokumentatu eta karakterizatu dira eta XX. eta XXI. mendeetako hamaika pieza berri erantsi dira, 2015 eta 2021 artean aztertuak. Egun bi piezak desagertu gisa jarraitzen badute ere, lanean dokumentaturik azaltzen dira. Gainera, kanpoko jatorria duten lau pieza barne hartu dira, nafarrak batik bat, duela urte batzuk Gipuzkoara ekarritakoak, eta askok bertakotzat dituztenak.
Fitxetan antolatuta, hilarri bakoitza topatzen den udalerriaren arabera alfabetikoki azaltzen da, eta, ondoren, haren izena, jatorrizko kokalekua, egungo kokalekua edo gordailu lekua, deskribapena, kontserbazio egoera orokorra, egungo argazkiak eta bibliografia eskaintzen delarik.
Hilarri guztietatik, hamalau San Telmo Museoan kontserbatzen dira; bat Ibarraundi Museoan (Eskoriatzan); beste bat Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoan (Bilbon); bederatzi Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan; hamar hainbat udaletxeren egoitzetan edo haien kargura dauden espazio publikoetan; hamaika baseliza ezberdinen barruan edo inguruan; 26 etxebizitzetan, panteoietan edo jabetza pribatuko lursailetan; hiru antzinako bideen parean, eta ezin da zehaztu jatorrizkoa kokapena den ala ez.