June Cresporen eskulturek hartu dute Tabakalera asteburuan
Gorputzak eta eskulturak bat egiten duten unea dute ardatz June Cresporen artelanek. Artista nafarrak hormigoizko eskultura sail bat aurkeztu du asteburuan Tabakaleran, baina eskulturez harago, forma horiek gorputzekin sortzen dituzten aldaketak erakustea izan du xede. Hala, ikusleak eskulturan parte hartzeko gonbita izan du: “Formek entzutera eta ukitzera gonbidatzen gaituzte, baita gure gorputzek nola enkajatzen duten ikustera ere”, azaldu dute antolatzaileek. Asteburuko performancean, Beatriz Setien, Maia Villot eta Antonio Menchenen gorputzak gonbidatu dituzte, euren mugimenduen bitartez, formari itxura berri bat emateko.
Larruak eta itzalak
Cresporen lanekin egindako performancea Tabakalerako Larruak eta itzalak erakusketaren parte da. Egungo eskulturaren panoramika bat egin nahi dute erakusketaren bitartez, eskulturak aurretik duen bidea finkatzeko. Antolatzaileek diotenez, abiapuntua eskulturak, instalazioak eta formak dira, baina Cresporen lanen antzera, gorputzaren hartu-emanak eskulturaren moldagarritasunean duen eragina da erakustea dute xede, eta ez eskultura bere baitan. Tabakalerak Eduardo Chillidaren mendeurrena ospatzeko antolatu dituen hiru erakusketetatik lehena da Larruak eta itzalak.