Kopa etxean geratzeko, Illunbe betetzera deitu dute
Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko da XLV. Espainiako Koparen azken fasea, eta Bera Berak oraingoan ez du hutsik egin nahi.
Ligako titulua jokoan badu ere, Bera Bera eskubaloi taldeak beste helburu bati helduko dio asteburuan. Espainiako Kopako azken fasea izango dute jokoan, hilaren 10etik 12, Illunben. Duela bi urte gertaturiko ez errepikatzen ahaleginduko dira. Izan ere, 2022ko kopako azken fasea Donostian jokatu zen, eta Bera Berak ez zuen finalera iristea lortu. Aurten, ordea, finala jokatzea eta irabaztea dute helburu, eta horretarako zaleen beharra izango dute.
Gaur goizean aurkeztu dute XLV. Espainiako Kopa, Donostiako Udaletxean. Lehiaketaren eta beste jardueren berri eman dute agerraldian Tati Garmendia Bera Berako arduradunak, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak eta Marta Pastor Gipuzkoako Kiroletako zuzendariak.
Final-laurdenak maiatzaren 10ean hasiko dira, 13:00etan, Illunben, Granollers eta Elda taldeen artekoarekin. Arratsaldean, beste hiru partidak jokatuko dira: 16:00etan, Porriño eta Valladolid; 18:15etan, Elx eta Malaga; eta, 20:30etik aurrera, Bera Bera eta Guardes. Lehen finalerdia maiatzaren 11n izango da, 16:30ean, eta bigarrena, 19:45ean. Azkenik, finala igandean, hilaren 12an, jokatuko da, 13:30ean.
“Ostiralean 2.500 pertsona izango dira Illunben. Hortaz, azken bultzadarekin jende kopuruaren errekorra gaindituko dugula uste dut”, adierazi du Garmendiak. Zehazki, 3.089 pertsona joan ziren 2022ko final-laurdenetako partidak ikustea. Ildo horretan, Gabarainek azaldu du Bera Berako jokalarien laguntzarekin egindako iragarki baten bidez, donostiarrak Kopako azken fasea ikustera animatzen ari direla: “Espero dezagun gure eskubaloi taldearen beste arrakasta bat izatea. Asteburu horretan berretsiko da Donostia kirol hiria dela”.
Erraztasunak
Illunbeko sarbidea errazteko, 2022an ez bezala, instalazioaren lurpeko aparkalekua erabil ahalko da. Horrela, Kopako partidetara joaten diren pertsonek doako 400 aparkaleku inguru izango dituzte, bai eta kanpoko aparkalekua ere, Fan Zonea asfaltatu gabeko gunean kokatu baita, igarobideak errazteko eta aparkalekuetan leku gehiago izateko. Anoeta inguruko obrek ez dute eraginik izango Illunbeko igoeran.
Gaurtik eros daitezke eguneko sarrerak, eta abonuen salmenta bide onetik doala adierazi dute. Bestalde, Illunbeko 10. atean kokatuko duten zaleen gunea musikaz beteko dela gogoratu dute. Yaiza Arrizabalaga eta Lorea Intxausti, Kai Nakai abeslariek eta Aitana Grandes DJ eta musika ekoizleak arduratuko dira Kopa girotzeaz.