Sute bat izan da Martuteneko Villa Oyon eraikinean
Sarroeta auzo elkarteak Villa Oyon eraikin okupatuko baldintza kaskarrak salatu ditu eta eremuan esku har dezala eskatu dio Donostiako Udalari.
Sarroeta auzo elkarteak hedabide honi adierazi dionez, bost lagun atera behar izan zituzten eraikinetik sutearen ondorioz, eta beste lau atera ziren euren kabuz. Antza denez, patioko elementu batek su hartu atzo eguerdian, baina laster bertaratu ziren suhiltzaileak eta arratsaldeko ordu bietarako garrak itzalita zeuden.
Ez da eremu horretako bizilagunek izan duten lehen sustoa. Martuteneko auzo elkarteak adierazi duenez, sute handiagoa izan zuten eraikin horretan bertan 2020an, eta geroztik hainbat bilera izan dituzte udalarekin, abandonatuta dagoen eraikin horren inguruan dagoen utzikeria salatu eta eremuan esku har dezala eskatzeko: “Arratoi handiak daude, eta eskolatik hamar metrora dago”, azaldu diote IRUTXULOKO HITZAri Sarroetako kideak. Adierazi dutenez, halaber, aurretik ere iragarri zuten, zerbait egin ezean, berriz ere gertatuko zirela halakoak.