Literatura jazarriak hitzaldi zikloa egingo dute maiatzeko ostegunetan
Literatura jazarriak izeneko hitzaldi zikloa antolatu du Ateneo Guipuzcoano elkarteak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, bigarren urtez. Maiatzeko ostegunetan, jazarriak diren edo izan diren idazleak gogoratzea da asmoa. Saio guztiak 19:00etan izango dira, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan.
Aurten, azalduko dituzte Sofia Parnoken poema lesbikoak, Olympe de Gougesen ahots konprometitu eta feminista, edota Theophile De Viauren eta Oscar Wilderen homosexualitateak bere garaiko botereen haserrea piztu zutela eta, horregatik, ondorio latzak jasan behar izan zituztela.
Zikloaren programa
Zikloa Sofia Parnok (1885-1933) idazleari buruzko hitzaldiarekin hasiko da, Jesus Garcia Gabaldon unibertsitateko irakaslearen eskutik. Errusiako Safo gisa ezagutzen da Parnok. Hainbat poesia liburu, literatura kritika eta opera libreto argitaratu zituen. Ez zen oso ezaguna izan, zentsuragatik. Hitzaldian bere lanez eta beste poeta lesbiana batzuekin izan zuen harremanaz hitz egingo da, errusiar modernismoaren testuinguruan, Zilarrezko Aroa gisa ezagutua (1890-1930). Arreta berezia eskainiko zaio Sofia Parnok eta Marina Tsvietaievaren arteko harremanari eta bien arteko poema gurutzatuei. Horretarako, itzulpen poetiko berriak aurkeztuko dira, gaztelaniaz argitaratu gabeak.
Bigarrenik, Theophile De Viau (1590-1626), izango dute hizpide Lydia Vazquez eta Juan Manuel Ibeas Altamira unibertsitateko irakasleek. XVII. mendeko poeta frantziar ospetsuak, Saumurko akademia protestantean hasi zuen bere ibilbide akademikoa, eta gero LeidengoUnibertsitatean jarraitu zuen, Herbehereetan, non Guez De Balzac poeta ospetsuarekin harremanak hasi zituen. Bere lanek gai sakon eta unibertsal ugari jorratzen dituzte: heriotza, bakardadea, tragedia, sexualitate askea, kritika soziala eta erlijiosoa. Horren guztiaren adibideak emango dira hitzaldian. Erlijiorik eza eta homosexualitatea egotzita espetxeratu zuten, eta idatzi zituen olerki lizunak eta Jacques Vallee Barreaux jaunarenganako maitasuna erabili zituen froga gisa; eta, libertimenduagatik heriotza zigorra jaso bazuen ere, ihes egitea lortu zuen.
Hirugarrenik, Olympe de Gouges (1748- 1793) idazleari buruzko hitzaldia eskainiko dute Lydia Vazquez eta Juan Manuel Ibeas Altamira unibertsitateko irakasleek. Idazlea, aktibista politikoa eta mugimendu feministari egindako ekarpenagatik eta Frantziako Iraultzaren garaian esklabotza deuseztatzeko konpromisoagatik ezaguna. Bere lan garrantzitsuen artean Emakumearen eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena, Frantziako Iraultzaren Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpenari emandako erantzuna izan zen. 1793an gillotinaz hil zuten.
Azkenik, Oscar Wilde (1854-1900) idazleari buruzko hitzaldia eskainiko du Ana Zamorano unibertsitateko irakasleak. Oscar Wilde XIX. mendeko idazlerik ikonikoenetako bat da. Bere bikaintasun literarioa sormen jenioa izatearen eta bere garaian jazarritako gizona izatearen paradoxak markatu zuen. Oso goiz Oxford Newdigate Prize saria irabazi zuen Ravenna olerkiagatik eta gero bere talentu eta estiloarekin ospe literarioa irabazi zuen Lady Windermere’s Fan (1882) edo The Importance of Being Earnest (1895) bezalako lanekin. Dorian Grayren erretratua edo El príncipe feliz lanen idazle ezaguna homosexuala izateaz akusatu zuten, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, espetxe denboran lan egitera behartuta egon zen.