Udalak ohartarazi du Aste Nagusiko zezenketa lan onenaren saritik deslotuta dagoela
Eguzkik erantzun du erabaki horrek "zinez pozten" duela kolektibo ekologista.
Donostiako Udalak argitu duenez, iaz Aste Nagusiko zezenketa lan onenaren saria ematetik deslotu zen, eta ez zuen parte hartu sari horren banaketan. Donostitik hedabideari egin dizkio adierazpenok, eta honakoa azaldu du udalak: “Saria Donostia Turismoak ematen zuen, eta legegintzaldia aldatzearekin batera erretiratu egin zen”. Udalak gehitu du agian peña edo kolektibo partikularren batek horri eutsiko diola, “baina 2024tik aurrera ez du Donostia Turismoak finantzatuko”.
Izan ere, atzo Espainiako Kultura Ministerioak iragarri zuen Tauromakiako Sari Nazionala emateari utziko diotela. Berria jakin ondoren, Donostiako Udalari gauza bera egiteko eskatu zion Eguzki talde ekologistak, Illunbeko zezenketetan egindako faena onenari Urrezko Maskorra ematen baitzion udalak.
Eguzkik gogoratu zuen “festa” deitzen dioten hori “sei zezen jendaurrean hil arte torturatzea” dela. “Ez zaigu iruditzen hori inolaz ere sari publikoen bidez sustatu behar denik”, nabarmendu zuen kolektibo ekologistak.
Eguzkiren erantzuna udalari
Eguzkik ohar bidez jakinarazi duenez, gaurkoa izan da udalak sari horrekin duen desloturari buruzko “lehen albistea” kolektiboarentzat, baina pozik agertu da berriarekin: “Hau izan da Eguzkikook deslotura honetaz izan dugun lehen albistea, eta zinez pozten gaitu, jakina”.
Hala ere, “beharbada” peña edo kolektibo partikularren batek saria ematen jarraituko duela adierazi du udalak, eta horri erantzunez, Eguzkik esan du saria ez dela “beharbada” ematen: “Saria eman egiten da, horretan ez dago dudarik. 2023ko irabazlea El Juli izan zen”.