Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2024-25 ikasturterako izen ematea ireki du
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak adin eta maila guztietako pertsonentzako hezkuntza programazio anitza eskaintzen jarraituko du datorren ikasturtean ere. 0-2 urte bitartekoentzako musika hezkuntza goiztiarretik hasita, 65 urtetik gorakoentzako musika tailerrak eskainiko ditu datorren urtean. Antolatzaileek azaldu dutenez, halaber, gizarte intereseko prezioak mantenduko dituzte eta hala, diruz lagunduko dituzte Gizarte Larrialdiko laguntza duten familiak, familia ugariak, zehaztutako diru sarrerak baino txikiagoak dituzten familiak, guraso bakarreko familiak eta kide anitzeko familiak ere.
Eskolaren arduradunek ohar bidez adierazi dutenez, udalak hezkuntza eskaintza inklusiboa mantendu nahi du, eta bide horretan, ikasle bakoitzari bere talentu bakarra esploratzeko eta garatzeko aukera bermatu nahi dio. Nabarmendu dutenez, musikak eta dantzak sozializazioan eta garapen integralean ahalmen eraldatzailea du, eta aukera paregabea izan daiteke artearen bidez ongizate fisikoa, emozionala eta kognitiboa lantzeko.
Eskolez harago, ikasleen partaidetza kulturala sustatzen du eskolak. Urtean ia 200 ekitaldi antolatzen ditu hirian, kontzertuak eta emanaldiak barne. 2023-24 ikasturtean, 2700 ikasle inguru matrikulatu dira eskaintzen diren 29 instrumentutan, hiru dantza espezialitatetan eta ikasgai multzo zabalean, bai taldeka, eta baita banaka ere.