Donibane Lohizuneko hilketa matxista salatu du mugimendu feministak
Joan den ostiralean Donibane Lohizunen (Lapurdi) gertatutako hilketa matxistaren aurrean, elkarretaratzea egin zuen atzo Bulebarrean mugimendu feministak. “Hotel batean 34 urteko emakumea indarkeria zantzuekin hilda agertu zen. Emakume honek apirilaren 14an Ziburuko hotel bateko bosgarren pisutik salto egin zuen, eta egoera larrian ospitalean egon zen maiatzaren 1era arte. Gorpua agertu eta ordu gutxira baieztatu zen uste genuena; indarkeria matxistak 2024an eragindako lehen hilketa. Aski da! Nazkatuta, amorratuta eta haserre gaude!”, nabarmendu zuten.
Halaber, gogorarazi zuten igandean eraso matxista bat izan zela Altzan, eta “babes eta elkartasun osoa” adierazi zieten Altzan erasoa pairatu zuen emakumeari zein Donibane Lohizuneko biktimaren senideei, lagunei eta gertukoei.
Horrela, justizia sistemaren gabeziak agerian utzi zituzten: “Behin eta berriro exijitzen dugu indarkeria matxista kasuen aurrean, epaileek “iragazki bereziki zehatza” izan behar dutela, eta biktimak ezin dituztela babesgabe utzi. Are gehiago, halako kasuetan, non biktimaren bizitza argi eta garbi arrisku larrian dagoen eta indarkeria matxistaren zantzuak oso agerikoak diren. Kasu hau bezalakoekin, argi geratzen da egungo justizia ereduak ez duela funtzionatzen”.
“Urteak daramatzagu esanez sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazistak eta kolonialak egituraz sostengatzen duela indarkeria matxista, eta horren azken ondorio lazgarri eta ikusgarriena erailketa dela. Baina, guk badakigu indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakume* trans eta bollerok bizitzako alor guztietan jasaten dugula indarkeria hori. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!”, gaineratu zuten.
Era berean, “autodefentsa feministarako deia” egin zuten: “Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!”.