Erraustegira martxa eta ToxicoWatchekoen aurkezpen ekitaldiak iragarri ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak
Erraustegira martxa maiatzaren 18an izango da, goizeko 11:00etan Lasarteko Okendotik abiatuta. Bestalde, azken bost urteotan ToxicoWatch fundazio herbeheretarra erraustegiaren kutsadura ikertzen aritu da. Egindako behaketa lanaren emaitzak aurkeztera datoz bertako bi aditu Hernanira eta Usurbilera.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak agerraldia egin berri du astearte arratsalde honetan Zubietako errebote plazan. Bi deialdi garrantzitsu egin dituzte eta hitzorduotan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Batetik, iragarri dutenez, “Gipuzkoako herritarrei dei egiten diegu Zubietako erraustegiaren aurrean gure protesta azaltzera”. Maiatzaren 18rako oinezko martxa deitu dute Lasarteko Okendo plazatik erraustegi atariraino, “agintariei exijitzeko geldi dezatela erraustegia, ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon”. Goizeko 11:00etan abiatuko da mobilizazioa, Errausketarik ez! Erraustegia ez da miraria, oztopoa da! aldarripean.
Bestetik, martxa horren osteko egunetan gure artera etorriko dira ToxicoWatch fundazioko bi ordezkari. Gogoan izan, 2019. urteaz geroztik erraustegiaren kutsadura aztertzen aritu dira adituok. Eginiko behaketa lanaren bost urteotako emaitzak aurkeztuko dituztela iragarri du Zubietako agerraldian, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Bi aurkezpen saio iragarri dituzte, “analisien emaitzak” aurkezteko; lehenengoa, hilaren 23an, Hernanin; bigarrena, 27an, Usurbilgo Sutegin. “ToxicoWatchek bost urtez segidan egin die jarraipena erraustegiaren kutsatzaileei, urtero bilduz laginak inguruko uretan, erreketako sedimentuetan, lurretan, goroldioetan eta zenbait landare hautatuetan eta baita ere inguruan zenbait familiak autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzetan”.
Eta bai, ToxicoWatchetik Erraustegiaren Aurkako Mugimenduari aurreratu diotenez, “Zubietako erraustegiaren inguruan bildutako laginetan kutsaduraren igoera kezkagarria aurkitu da”.
ipatu fundazioko ordezkariez gain, iragarri dutenez, “Zero Waste Europe (Europa Zero Zabor) federazioko ordezkariak ere gure artean izango dira egun horietan. Zero Waste Europe aztertzen ari da zer kutsadura eragiten duten Europa osoko hainbat erraustegik: Madril (Valdemingomez), Paris (Ivry), Belgika (Beringen), Lituania (Kaunas), Txekia (Pilsen), Herbehereak (Harlingen)… eta Zubietako erraustegiak”.
Albiste hau Noaua-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.