Gartxot Unsainek kontzertua eskainiko du AB Krossaren ostean, ekainaren 1ean
IX. AB krossa lasterketa, Amara Berriko euskararen aldeko krosa, ekainaren 1ean egingo da, Berritsu euskara elkarteak antolatuta. 19:00etan hasiko da auzo lasterketa, eta Isabel II.a hiribidetik abiatuta, korrikalariek ibilbideari bira bat, hiru kilometroko lasterketa (ez lehiakorra) edo bi bira, sei kilometroko froga, emateko aukera izango dute. Helmuga Isabel II.aren hiribidean izango da, irteerako leku berean.
Izen-ematea zabalik dago Herrikrosa.eus webgunean, eta egunean bertan ere egin ahal izango da, beti ere webgune horren bidez. Dortsalak eta poltsak egunean bertan banatuko dira.
Eguneko egitaraua
Lasterketaz gain, egitarau zabala du AB krossak, eta auzoa girotuko duten hamaika ekitaldi egongo dira arratsalde guztian zehar Amara Berriko Probestu plazan. 17:00etan emango zaio hasiera haur jolasekin, Amara Berriko Haur Txokoaren eskutik.
Krosa 19:00etan izango da, eta, ostean, sari banaketa eta auzoko denda, taberna eta hainbat erakunderen eskutik zozketak egingo dira. Arratsaldea festa giroan amaitzeko, 20:30ean, Ghaukustikoa kontzertua egongo da, Gartxot Unsain abeslari donostiarraren azken lana, abesti berriak aurkeztuz.
“Urtetik urtera gero eta jende gehiago erakartzen duen festa bilakatu da AB krossa, iaz parte hartze marka hautsi zelarik. Bide beretik jarraitu nahi du AB krossak, eta, aurten ere, euskaraz arratsalde aparta igarotzeko helburuarekin, auzotarrak, hiritarrak eta euskaltzale guztiak gonbidatu nahi ditu euskararen aldeko auzo lasterketan parte hartzera”, adierazi dute antolatzaileek.