Israelgo Estatuarekin harreman eta lankidetza mota guztiak eteteko eskatu dute Kursaalean
Kursaaleko teknologia kuantikoaren inguruko kongresuan Palestinako genozidioa babesten duen enpresa bat eta hizlari bat daudela salatu dute.
Teknologia kuantikoaren inguruko kongresu bat egiten ari dira Kursaalean, eta, horren bueltan, herritar talde bat auditorioaren kanpoaldean elkarretaratu da asteazken eguerdian. “Ezin dugu gure begirada desbideratu eta bihozgabe agertu, bereziki gaur, Donostiako Kursaalean materia kuantikoari buruzko nazioarteko konferentzia bat antolatzen den une honetan, non Tel Aviveko teknologia kuantikoko enpresa batean lan egiten duen Yonathan Cohen ikertzaile eta herritar israeldarrari ahotsa emango zaion. Cohenek argi utzi du Gazan gertatzen ari den sarraskiari buruz duen iritzia, eta sare sozialetan argi eta garbi adierazi du Israelgo gobernuaren ekintzak babesten dituela”, salatu dute. Ertzaintzak hiru pertsona identifikatu ditu elkarretaratzean, hedabide honi lekuko batek jakinarazi dionez.
Manifestariek azaldu dute ikertzaileak “ankerkeria hori ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka balitz bezala” deskribatzen duela, “alde bateko Israelgo Estatuko “bedeinkatuen” eta Palestinako “gaizkileen” arteko gatazka”. Horrela, Kursaaleko kongresuko antolatzaileei eta agintari arduradunei gogorarazi diete “genozidio bat babesten duen eragile batek ez duela lekurik gizarte etiko, zuzen batean. Beraz gure ekitaldi akademiko edo sozialetan hauei lekua ematea ez da bateragarria gure balio sistemarekin eta gure printzipio moralekin”. “Ez gara isilduko konplizitate honen aurrean”, gehitu dute.
Horrez gain, Kursaaleko kongresuan parte hartzen ari den Max Planck Society instituzio akademikoa “sarraski honen aurrean Israelgo Estatu hiltzaileari erakutsi dion babes lotsagarria” salatu dute: “Bere autoritatea modu aktiboan erabiliz eta ahots kritikoak isilaraziz, Ghassan Hage irakasle eta antropologo goraipatuaren kasuan bezala, bidegabeko kaleratze baten bidez”. “Gizarte gisa, ezinbestekoa da drama humanitario honen aurrean isilik ez geratzea, eta Palestinako herriak jasaten duen injustiziaren aurrean isilik egoteari uko egitea. Historikoki, aldaketa eta justizia sustatzeko, boikot politiko, sozial eta akademikoa izan da apartheidaren edo okupazioaren politikak presionatzeko eta mugatzeko tresnarik indartsuenetako bat, Israelgo Gobernua eta armada finantzatzen edo hauei euskarri ideologikoa ematen dieten enpresa eta pertsona publikoei zuzendutako ekintzen bidez”, gaineratu dute.