Villa Sacramento egoitzako langileek lan karga handiak salatu dituzte
Langileek salatu dutenez, enpresak ez ditu langileak ordezkatzen, eta egungo ratioen ondorioz erresidentzietako egoiliarrek denbora gehiegi ematen dute ohean.
Domusvi enpresak kudeatzen du Ategorrietako adinekoen egoitza, eta 100 plaza inguru ditu, horietako asko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutakoak. Egoitzan, 100 langile inguruk lan egiten dute, emakumeak gehienak, baina diotenez, ez dira nahikoa zerbitzua baldintza duinetan eskaintzeko. Gauzak horrela, elkarretaratzea egin zuten atzo, 14:00etan, egoitzaren atarian, zerbitzu egokia bermatu ditzaketen neurriak aldarrikatzeko.
Zabaldutako oharrean azaldu dutenez, enpresak ez ditu langileen hutsuneak betetzen, eta zerbitzuari eragiten dio bete betean. Diotenez, lan karga hainbestekoa izanik, eguerdira arte ezin dituzte egoiliar batzuk ohetik atera, eta ondorioz, “hamalau ordu ematen dituzte” ohean. Era berean, salatu dute egoiliarrek hamabi ordu baino gehiago pasa ditzaketela botikarik hartu gabe, langile falta dela eta.
Villa Sacramentoko langileen antzera, ELAk urteak daramatza Gipuzkoako beste hainbat egoitzetako ratio eskasak salatzen eta borrokatzen. Gipuzkoako Aldundiak ratioak errespetatzen dituela dio, baina sindikatuaren aburuz “garbi dago ratioak ez direla aski”. Horiek horrela, mobilizazioekin jarraituko dute Ategorrietako egoitzan, langileen ordezkapenak lortu arte, bederen. Maiatzaren 17an, 22an eta 30ean kontzentratuko dira, berriro, erresidentziaren atarian, 14:00etatik 17:30era.