Ander Cepasek brontzea eskuratu du Esloveniako txapelketan
Egipton lortutako zilarraren eta Brasilen eskuratutako urrearen ondoren, Donostiako Ander Cepas mahai teniseko jokalariak beste domina bat eskuratu du. Esloveniako Open txapelketan, Munduko Txapelketa baten antzeko maila duen lehiaketan, brontzea lortu du Cepasek.
Bi garaipen lortu zituen multzoen fasean Ashley Facey britainiarraren (3-0) eta Hayuma Abe japoniarraren (3-2) aurka, eta porrot bat jaso zuen Lucas Didier frantziarraren aurka (1-3). Final-laurdenetan Daniel Gustafsson suediarra 3-1 gainditu zuen (7-11, 11-4, 11-8 eta 11-8), eta finalerdietan dena eman zuen mahaian Lin Ma australiarra estutzeko. Ma bost aldiz izan da munduko txapelduna, hamaika aldiz Asiako txapeldun, eta urrezko lau domina eta zilarrezko hiru lortu ditu Paralinpiar Jokoetan. Neurketa bere alde bukatu zen 2-3 (9-11, 13-15, 11-8, 11-9 eta 8-11).
19 urterekin, Cepasek mundu guztia harrituta utzi du, batez ere, azken bi urteotan izan duen bilakaerarekin. Mahai tenis egokituan etorkizun oparoa izatetik, nazioartean erreferente berrietako bat izatera igaro da. Bere jarrera, talentu eta energiari esker, munduko onenen artean kokatu da 9. klasean eta Pariseko Jokoetarako txartela poltsikoan du jada.