Herrerako lokal bat hustu du Ertzaintzak
Azkenaldian, segurtasunaren inguruko eztabaida areagotu egin da Herreran. Bizilagun ugarik bilera egin zuten duela aste batzuk, eta erakunde publikoen utzikeria salatu zuten, baita elkarbizitzarako neurri eraginkorrak eskatu ere.
Ertzaintzak Herrerako lokal okupatu bat hustu du ostegun goizean, lokalaren jabeak epaileari hala eskatuta. Antolin denda ohiaren lokala da hustu dutena, eta ertzain ugarik hartu dute parte operazioan. Hala ere, ez dute inor aurkitu lokalaren barruan, eta ez dute jakinarazi zenbat jende bizi zen hor. Goizeko hamarrak aldera egin dute operazioa.
Lokal horretan ez ezik, inguruko pabiloi hutsetan kale egoeran dauden pertsonak bizi dira azkenaldian. Beste auzo batzuetan gertatu izan den moduan, horrek eztabaida piztu du Herreran azken asteotan, segurtasunaren inguruan.
Hain zuzen ere, Herripe auzo elkarteak deituta, 200 bat lagun bildu ziren apirilaren 25ean Herreran, gaiaren inguruan hitz egiteko. Herripek eta Osteguna elkarteek Estibaus.info atarian jaso zutenez, elkarbizitzaren aldeko apustua egin zuten bizilagunek, Poliziaren presentzia areagotzetik harago: “Erakundeetatik gertu egindako gestioen berri eman digute, polizia bidearen erantzun bakarrarekin. Batzarraren parte hartzaileek hitza hartu zuten. Dagoen kezka handia zehaztu zuten, baina, aldi berean, baita arazoa konpontzeko konponbideak ere. Aukerak aztertu dira, argi hitz egin ahal izan da eta argi utzi da ez dugula etsiko elkarbizitzarako eta lasaitasunerako bide bat aurkitzeko”.
Azaldu zutenez, “argi eta garbi geratu zen erakundeen abandonua eta interes gutxia, batez ere udalarena, baina baita aldundiarena ere, gertuen dauden erakundeetara mugatzen bagara. Izan ere, modu batera edo bestera, Herrera gure auzoa pasabide bihurtzea ahalbidetu duten erabakiak erakunde horiek hartu dituzte, herritarrekin adostu gabe, eta, beraz, inposatu egin zituzten beraien erabakiak eta ukatu egin diote Herrerari gaur egun oso beharrezkoa den nortasun propioa, desberdinen arteko bizikidetza posible eta aberasgarria izango duen biztanle gune bat eraikitzen jarraitzeko”. “Herrerako, Larratxoko, Trintxerpeko eta inguruko bizilagunek kontzentrazio honetan erakutsi dute beren seriotasuna, indarra, determinazioa, lasaitasuna eta zentzutasuna, eta elkarbizitzarako irtenbideak aurkitzeko borondatea”, nabarmendu zuten.