Isuri Gutxiko Eremuko sarbideak hamar kameraren bidez kontrolatuko dituzte
Donostiako Udalak datorren astean onartuko ditu behin betiko Mugikortasun Plana eta Isuri Gutxiko Eremua, eta horien inguruko azalpenak eman dituzte ostegun goizean Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak eta Juantxo Marrero Ekologiko zinegotziak.
Luze eta zabal hitz egin da Donostiako Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) inguruan, baina azkenean prest dauka udalak, eta urte amaierarako edo 2025ko urtarrilerako indarrean jartzea aurreikusten du. Hala azaldu dute Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak eta Juantxo Marrero Ekologiko zinegotziak ostegun goizean udaletxean. Nabarmendu dutenez, araudiaren helburua da “airearen kalitatea hobetzea, emisio kutsatzaileak murriztea, herritarren osasuna babestea, klima aldaketaren ondorioak eta trafikoak sortzen duen zarata arintzen laguntzea eta mugikortasun modu jasangarriago baterantz egitea”.
Horrela, hasierako planteamendua aldatu, eta Parte Zaharra eta Erdialdea ez ezik, Arbaizenea ingururaino luzatu dute IGE, eta kaia ere barruan sartu dute. Eremu horretan, alde batetik, arazorik gabe sartu ahalko dira bizikletak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, ziklomotorrak, DGTk historikotzat dituen ibilgailuak, IGEn erroldatuta dauden egoiliarren ibilgailuak, MM bereizgarria duten ibilgailuak eta jarduera ekonomikoei, taxiei eta BTKei lotutako TAO txartela duten ibilgailuak. Bestetik, horiez gain, lehenengo fasean, araudia indarrean sartu eta hurrengo 36 hilabeteetan —2025eko urtarrilaren 1ean sartzen bada indarrean, 2028ko urtarrilaren 1era arte—, ingurumen bereizgarriren bat duten ibilgailu motordunak (CERO, ECO, C eta B bereizgarriak) ere sartu ahalko dira IGEn. Bigarren fasetik aurrera, aldiz, B bereizgarria dutenak ere kanpoan geldituko dira.
Hau da, ibilgailu motordun elektrikoak, hibridoak, erregai alternatiboak dituztenak, 2001a baino lehen matrikulatutako gasolinazkoak eta 2006a baino lehen matrikulatutako dieselezkoak IGEtik ibili ahalko dira, gutxienez araudia indarrean sartu eta ondorengo lehenengo hiru urteetan.
IGEko sarbideetan ez da hesi fisikorik egongo, baina zinegotziek azaldu dutenez, hiriko sarreretatik hasita jarriko dituzte IGEren inguruko ohartarazpen seinaleak, “lau geruzatan”: sarreretan, hirian Isuri Gutxiko Eremua dagoela ohartarazten duten seinaleak jarriko dituzte; gerturatu ahala, gidaria IGEra gerturatzen ari dela ohartaraziko dutenak; buelta emateko azken aukeran, IGEn sartzeko zorian dagoela ohartaraziko dutenak eta, behin IGEn sartuta, eremuaren barruan dagoela ohartaraziko dutenak.
Bestalde, IGEko sarbideak kontrolatzeko, hamar bideokamera jarriko dituzte, puntu hauetan: Zurriolako zubian, Santa Katalina zubian, Gernikako Arbola pasealekuaren eta San Martin kalearen arteko bidegurutzean, Gernikako Arbola pasealekuaren eta Valentin Olano kalearen arteko bidegurutzean, Araba parkearen eta Easo kalearen arteko bidegurutzean, Autonomia kaleko biribilgunean, San Rokeren eta Belizalderen arteko bidegurutzean, San Rokeren eta Belokaren arteko bidegurutzean, Aldapetaren eta La Feren arteko bidegurutzean eta Mirakontxa pasealekuan, Almudena etxearen inguruan.
Araudia indarrean sartu eta berehala, udalak ahalmena izango du IGEn baimenik gabe sartzen diren ibilgailuak zigortzeko. Hain zuzen ere, 200 euroko isunak jarriko dituzte, eta araua behin baino gehiagotan urratzen dutenei isuna %30 igoko diete. Horrela, lehenengo fasea amaitzerako, IGEn egunero 7.500 ibilgailu motordun gutxiago ibiltzea aurreikusten du udalak, eta 2030erako 12.000 gutxiago.
Bestalde, IGE indarrean sartzeak hiriko gainontzeko auzoetako trafikoan eragina izango ote duen galdetuta, Marrerok nabarmendu du “jarraipena” egingo diotela hiri osoko trafikoari, beharrezkoa balitz, hartu beharreko neurriak aztertzeko.
Mugikortasun Plana
Datozen bost urteotarako Mugikortasun Plana ere datorren astean onartuko dute, eta Yarzak nabarmendu du “mugikortasuna eraldatuz, hiri erresilientea bultzatzeko, erronka sozial, sanitario, ekonomiko eta ingurumenekoei aurre egiteko” prestatu dutela, eta bost zutabe dituela: “Mugikortasun ekitatibo, garbi, seguru, eraginkor eta osasungarria bultzatuko ditu”.
Halaber, herritarrek hasierako planari egindako ekarpenak “eskertu” ditu Yarzak. Zehazki, 33 alegazio jaso ditu planak, eta “teknikoki bideragarriak ez diren edo planaren helburuekin bat ez datozen beste alegazio batzuk” ezetsi badituzte ere, beste hainbat planean sartu dituzte nabarmendu du zinegotziak. Honakoak aipatu ditu: “Satrustegi etorbideko erdiko lorategia Ondarretako lorategietan sartzeko bidea izatea hura berrantolatzeko garaian; gidatze efizientea sustatzearena ere sartzea taxi zerbitzua hobetzeko neurrietan; gertuko aireportuetarako linea espezifikoak koordinatzea; desgaitasuna duten pertsonek zikloak erabiltzea sustatzea; Anoetako ekitaldietarako mugikortasun plan espezifiko bat idazteko proposamena; Parte Zaharreko zamalanei buruzko alegazioak, eta garraio publikoaren irisgarritasun unibertsalari buruzkoak”.
Isuri Gutxiko Eremuaren proiektuak jasotako alegazioen berri ere eman dute; zehazki, 42 alegazio jaso ditu IGEren proiektuak. Marrerok azaldu du alegazio batzuk IGE beste auzo batzuetara ere zabaltzea eskatzen zutela, baina ezetsi egin dituztela horiek, IGEk “hiriko eremu jakin bat hartzen baitu, kilometro koadro inguruko eremua”. “Horrek ez du esan nahi bihar-etzi isuri gutxiko beste eremu batzuk eratuko ez direnik hiriko beste leku batzuetan”, gaineratu du.
Ezetsi dituzten alegazioen artean dago, baita ere, motorrek Isuri Gutxiko Eremuan zirkulatu ahal izatearena: “Ibilgailu motordunak dira motorrak, eta kutsatu egiten dute horiek ere; gainera, datorren urtean —ordenantza ezarri eta aurreneko urtean—, muga horrek ez dio moto askori eragingo (hogei urte inguru dituztenei soilik). Kontuan izan behar da IGEa ezarritako aurreneko fasean orain diren ibilgailu motordunen %15i eragingo diela mugak”. Hain zuzen ere, udalaren datuen arabera, 31.411 moto daude egun hirian, eta horietako 9.101ek ez dute ingurumen bereizgarririk; 5.437k B bereizgarria dute, 16.735ek C bereizgarria eta 138k CERO bereizgarria. Autoei dagokienez, 78.555 daude hirian, eta 18.201ek ez dauka ingurumen bereizgarririk; 25.487k B bereizgarria dute, 31.444k C bereizgarria, 2.856k ECO bereizgarria eta 567k CERO bereizgarria. Bestalde, beste mota batzuetako 10.902 ibilgailu daude Donostian; guztira, 120.868 ibilgailu motordun daude hirian.
Era berean, IGEn kontuan izan dituzten alegazio batzuk ere aipatu ditu Marrerok. Alde batetik, eremua Arbaizenearaino eta kaira zabaltzea aipatu du, eta, bestetik, 70 urtetik gorako egoiliarren ibilgailuei IGEn sartzen uztearena, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuak izan arren. Adineko gizon batek egindako alegazioa dela azaldu du zinegotziak, argudiatuz adin horretako jendearentzat ahalegin ekonomiko handia dela ingurumen bereizgarria duen ibilgailu berri bat erostea, eta, gainera, ez dutela urte askoz gehiagoz gidatuko.