Kale egoeran dauden migranteen aurkako polizia indarkeria areagotzen ari dela salatu dute
Hainbat ertzainen artean gazte migrante bat indarrez immobilizatu eta atari baten barruan sartu zuten orain aste gutxi, Egiako Blas de Otero plazan. Operazioa grabatzen ari zen pertsona ataritik aldentzera behartu zuten, eta hark salatu zuenez, egun horretan atari horretan sartzen zuten bigarren pertsona zen.
Oharra: Bideoaren audioa editatua dago, bertan agertzen diren pertsonen anonimotasuna eta segurtasuna bermatu dadin.
Migranteekin lan egiten duten gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dutenez, azkenaldian, polizia indarkeria “areagotzen” ari da gazte migranteen aurka, eta, bereziki, kale egoeran dauden migranteen aurka. “Beti egon da, baina, azkenaldian, nabaritzen ari gara polizia indarkeria areagotzen ari dela. Egunero datozkigu gazteak jipoituta: bat bihurdura batekin, beste bat kolpe batekin, beste bat eskua puskatuta… eta horri gehitu behar zaio kanpin dendak zulatzen dizkietela, molestatzen ez duten lekuetatik botatzen dituztela une oro, eta abar. Egoera oso gaizki dago”, azaldu dio hedabide honi gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten duen hezitzaile batek.
Horren erakusgarri gisa, albiste honetan ikus dezakezuen bideoa helarazi diote IRUTXULOKO HITZAri. Bertan, ikus daitekeenez, hainbat ertzainen artean gazte migrante bat indarrez immobilizatzen dute Egiako Blas de Otero plazan, eta atari baten barruan sartzen dute ondoren, operazioa grabatzen ari den pertsona ataritik aldentzera behartuz.
Bideoa duela aste batzuk grabatutakoa da, baina gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten duen hezitzaileak azaldu duenez, ez da horrelako zerbait gertatzen den lehenengo aldia. Hain zuzen ere, hezitzaile horren arabera, bideoan ikusten diren gertakariak gertatu ziren egunean bertan, beste gazte migrante bat “jipoitu” zuten ertzainek atari berean, eta beste bat plazan bertan.
Bideoa grabatu zuen pertsonak ertzainei galdetu zien ea zergatik ari ziren operazio hori egiten, eta bideoan bertan entzun daitekeenez, “atzerriko bi herritarren” abisua jaso zutela dio ertzainetako batek, eta atzerriko bi herritar horiek salatu zutela euren maletekin Antiguatik zebiltzan bitartean “jatorri magrebtarreko lau gizonek jarraitu zituztela”. Ustez, horregatik bota zuten lurrera gazteetako bat, eta beste batzuk ondoan miatzen aritu ziren.
Hezitzaileak azaldu duenez, ertzainei galdetu zien ea zergatik sartu zuten atari barrura aipaturiko gaztea, eta ertzainek esan zioten gaztearen “intimitatearengatik” zela, miatu behar zutelako; ordea, beste gazte batzuk atariaren kanpoan ari ziren miatzen, aldi berean. Hezitzailearen arabera, gaztea atxilotu gabe ataritik ateratzen utzi zuten ertzainek, eta errenka atera zen handik.